Zuhaitzetan, enborretik bi adar bereizten diren puntua da urkila; nork bere bidea egin ahal izateko halabeharrez batak bestearengandik bereizi behar balu bezala. Eta ez da urkila bakarra izaten normalean; adar bakoitza ere, haren bidea egingo badu, berriz ere bi zati egingo baita. Urkilatik urkilara, bidegurutze batetik bestera hazten da zuhaitza, eta horiek dira arbolaren punturik gogorrenak.
Gizartea iraultzeko ahaleginetan, zapalduok ere bidegurutzeak aurkitzen ditugu bata bestearen atzetik: errealitatearen azken muina ulertzeko saiakera, ala haren kanpo-itxuraren deskribapen lausoa; antolaketa politikorako konpromisoa, ala gure berehalako nahien arabera erantzuteko joera; gure ahalmenak kolektiboaren beharren esku jartzea, ala norbere interesen arabera jardutea; iraultzarako grina urduri eta kontzientea, ala erosotasun inpotentea.
Egurrezko sardeak urkilaz egiten dira, haren gogortasunaz baliatuta. Horren jakitun izango ziren, ziur asko, industrializazio garaian Bilbora iritsi ziren milaka eta milaka baserritarrak. Euren bizitza birsortzeko bitartekoetatik desjabetuta, hirira etorri behar izan zuten haien ondasun bakarra saltzera, lanerako gaitasuna. Landa-eremuko migrazioak handitu zituen burgesia industrialaren irabaziak, baina baita gure lurraldeko langile mugimendua gorpuztu ere. Ordutik, hamaika borroka eredugarri izan dira Bilbon. Horietako bat gelditu da, akaso, bereziki iltzatuta langileon iruditegian: Euskaldunako Bataila. Eta, ontziolaren itxieraren aurkako borroka hartan urkilak hartu zuen berriz ere garrantzia. Langileek, poliziaren oldarraldiaren aurrean babesgabe, burdinazko urkilez eraikitako tiragomak izan baitzituzten autodefentsarako tresna.
Hortaz, ez da ausazko erabakia izan tarteka Bilbo mailan argitaratuko dugun aldizkari honen izenaren hautuan langileon historiatik abiatzea, erabaki politikoa baizik. Izan ere, gure arbasoek abiatutako bataila arrakastatsuen zein potentzian geratutako saiakeren ondorio gara gu, gure bizitza aurrera atera ezinik gabiltzanok. Gu gara langile auzoek autobusak nahiz semaforoak izateko borrokan ibili zirenen bilobak; bizitokirik izan ez, eta mendi-hegaletan txabolak eraiki behar izan zituzten familien ondorengoak; baita, egungo krisi kapitalistan areagotutako ofentsiba burgesaren testuinguru honetan, sistemaren kateak gure gain pairatzen ditugunak ere.
Bestalde, burgesiak gidatutako koiuntura politiko gorabeheratsuan, nabarmena da bizitza eta balio komunitarioak desegiteaz gain, borroka komunitatea bera ere galtzen ari dela. Horrela, geroz eta zailagoa zaigu, etengabe pairatzen ditugun erasoetatik babestea, izan gaztetxeen desalojoak, etxe-kaleratzeak, sexu-erasoak ala soldata jaitsierak. Horrez gain, geroz eta zailagoa zaigu, auzo-bizitza mantendu eta desjabetuon arteko elkartasunezko keinuak jaso eta ematea: auzoko okinari gure eguneroko bizipenak kontatzetik bizilagunaren umeak zaintzera. Honek bidegurutze berri batean kokatzen gaitu: bizi-ohitura indibualisten eta errealitatearen erroko aldaketa bultzatu, ala gure ahultasun politikoa onartu.
Errealitate politikoan eragiteko asmoz sortu da esku-artean dugun aldizkari hau, euren xumetasunean handiak diren helburu birekin: alde batetik, gertakari sozialen inguruan ukatua zaigun zapalduon ikuspuntua zabaltzea, komunikabide arrotzek maiz ezkutatzen dutena; azken finean, gure erraietan daramagun klase-gorrotoa politikoki antolatzeko tresna teorikoak eskaintzea. Beste batetik, aldizkari honek desjabetuon kultura eraikitzen aletxo txikia jartzea ahalbidetuko duelakoan gaude, izan aitzakia gisa erabili dezakegulako formakuntza-saioak prestatzeko, lagun artean hausnarketak sustatu ditzakeelako, edota, sinpleki, irakurtzeko ohitura barneratzen lagundu diezagukeelako.
Jakin badakigu garaiok zailak zaizkigula sozialismoaren defentsa egiten dugunoi, baina hain zuzen ere, horregatik, inoiz baino gogotsuago gaude, indarberrituta gatoz. Balio diezagula gure urkilak, Euskaldunako langileei bezala, Bilbon beharrezko ditugun defentsa mekanismoak martxan jartzeko nahitaezko baldintza subjektiboak sortzeko.