Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpen bira abiatuko du Gure Eskuk

uriola.eus 2019ko mai. 8a, 17:24

Bilbon, guztira, hiru hitzaldi antolatu dituzte. Lehenengoa gaur arratsaldean izango da Santutxuko udaltegian. Bertan, Beñat Zarrabeitia kazetariarekin batera, Iñigo Urrutia eta Jone Amonarriz egongo dira.

Etapa berrirako helburu argi bat mahai-gaineratu zuen Gure Eskuk martxoaren 31n Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian: “Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea”. Horretarako, “erronka kolektibo bat” izan asmo duen herri ekimen bat sustatuko du datozen hilabeteetan. 

Herri ekinaldi honen egitasmoa mota guztietako eragileekin partekatzen ari da Gure Esku, eta aurkezpen bira honekin herriz herri joango da mota guztietako herritarren konplizitatea eta konpromisoa lortzeko asmoz. Aurkezpen horietan parte hartuko dute Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk.

Era berean, ‘Egizu posible’ lelopean martxan jarritako bazkidetza kanpaina gakoa izango da erronka berriei indartsu heltzeko. Bazkide egiteko esteka honen bidez kanpainaren berri zabaltzea garrantzitsua da: www.plaza.gureesku.eus