uriola.eus

Bihar bukatuko da ikusi eta ikasi umeentzako programa

  Kultura-aisialdia  Bilbo

'Ikusi eta ikasi' programa amaitzera doa, 75 ikuskizun eskaini ostean 4 eta 8 urte arteko umeentzat. Bihar, eguena, maiatzak 16, 18:00etan, programaren amaierako festa ospatuko da, Indautxuko Karmengo aretoan: aurten, 15. aldia duenez, urtebetetze-festa ere izango da.

Aurtengo umeentzako programa honi agur esateko urtebetetze-festa hau "DEMoDE QUARTET antzerki-taldeak" emango du, "Epa Txiki" musikazko antzerkiarekin. Gainera, festan, hiru sari sorta banatuko dira (euskarazko liburuak eta joko hezigarriak, hain zuzen); astelehen honetan bertan egin da zozketa, umeentzako programaren aldi honek iraun duen hiru hilabete honetan gogobetetze-inkesta bat bete duten umeen artean. Opariak ere izango dira agur esateko eta urtebetetzea ospatzeko festara etortzen diren ume guztientzat. Gainera, festan zehar, umeek argazkiak egin ahal izango dituzte umeentzako programako maskota MAKUSIrekin.

"Epa Txiki" musikazko antzezlan bat da, 50 minutukoa, koreografia dibertigarriak eta umorea ugari dauzkana. Lau pertsonaia nagusi dauzka, eta saiatuko dira erakusten musika-estilo guztiek dutela jatorria euskal folklorean.

Emanaldi honetara 4 eta 8 urte arteko umeak baino ezingo dira etorri, haientzako baita programa hau, Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin antolatua. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

'Ikusi eta ikasi' programak 15. aldia izango du aurtengo hau, eta joan den otsailean hasirik, 75 emanaldi eskaini ditu (31 ikuskizun: ipuin kontalariak, magia, antzerkia, zirkua, musika eta dantza, eta 44 lantegi: Contact-Kids, zientzia, trapuzko panpinak sortzea, Euskal Artistak eta Txiki erritmo).

Aurreko aldietan bezala, Ikusi eta Ikasi programan parte hartu dutenek gogobetetze-inkesta bat betetzeko aukera izan dute; bete dutenek 3 sari-sortaren zozketan parte hartu dute, eta bihar, eguena, entregatuko dira sariok. Inkesta honen bidez, aukera izaten dugu jakiteko zeintzuk izan diren hamabosgarren aldi honetako alderdi positiboak eta zeintzuk hobetu beharko genituzkeen datozen aldietarako.

'Ikusi eta ikasi', orain dela hamabost urte abiatua, ezin huts eginezko hitzordu bat bihurtu da. Ekimen honen xedea da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, haien aisialdian, modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz. Era berean, Bilboko Udalaren Euskara Garatzeko Ekintza Planaren helburuak ditu oinarri, alegia, hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzua.

Hamabosgarren aldi honetako eskaintza era askotakoa izan da: 75 jarduera izan dira, Bilboko Barruti guztietan banatuak, eta aisialdia, kultura eta hezkuntza bateratu ditu. Lantegi eta ikuskizun guztiak euskaraz izan dira, eta hona non gauzatu diren: Begoña, Basurto, Errekalde, Castaños, Deustu, Santutxu, Zorrotza, Olabeaga eta Abandoko barruti-udaltegietan, Ibaialdeko liburutegian, Euskararen Etxean (San Inazio), Atxuriko Auzoetxean, Indautxuko Karmengo aretoan eta Zamakolako Juan Delmas, Miribillako Iruarteta eta Epaltzaren alargunaren eskoletan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa