'Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa' Zinematekako zikloa

uriola.eus 2019ko mai. 16a, 08:59

Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak, 'Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa' Zinematekako zikloa eskainiko du, maiatzaren 15etik uztailaren 4ra arte. Beraz, 'Zinemaren historiako 50 harribitxi' urteko programarekin batera proiektatuko da aldi batez.

 

Zortzi film luzek eta bi film dokumental laburrek osatzen dute zikloa; haietan, hiri-mapak aurkituko ditugu, egunerokoak eta ezezagunak, eta laguntza emango digute beste hiri bat eratzeko, norberarena, bizileku izan nahi genukeena edo izan nahi ez genukeena.

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko zuzendari Fernando Pérezek eta kazetari, idazle eta zikloko komisario Oskar Alegriak aurkeztu dute gaur programa prentsaurreko batean. Oskar Alegriak 'Las ciudades visibles' izeneko argazkigintzako proiektu artistikoa egin du, Enrique Vila-Matas idazlearen bermea duena. Horrez gain, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da.

Gaur prentsaurrekoan azaldu duenez, «Monopoly bat izango balitz bezala, ziklo honek filmez osatutako hiriko mapa bat eraikitzen eta proiektatzen du. Egun batean, izkina bat izango da protagonista; beste egun batean, plaza bat; aste batean, film batek hotel baten aipamena egingo digu; hurrengoak espetxe bat aurkeztuko digu; parke bat ere egongo da... Eta, horrela, piezaz pieza, irudiz osatutako hiri baten gakoak batuko dituzte film guztiek, pantailan baizik ezin egin daitekeen eran».

Nabarmendu duenez, helburua da, dokumental garaikidea erabiliz, hausnarketa filmikoa planteatzea gizakiaren asmakuntzarik handienetako bati buruz: Greziako polisaz. Izan ere, 2050ean mundu osoko hiru biztanletatik bi halako batean biziko dela uste da.

«Eta programan paradoxa eta jokoa erabiliko ditugu, irudikatuko dugun hirian israeldar ile-apaindegi baten ondoan kanadar farmazia bat egongo baita, eta Habana erdian sortutako zuhaitz batetik Parisko hilerri batera joango baikara oinez: Père-Lachaise-ra», adierazi du Alegriak.

'Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa' gaur hasiko da, arratsaldez, Forever filmarekin (2006), Oskar Alegria komisarioak aurkeztuko duen saio batez. «Heddy Honigmann zinemagilearen film honetan, hiriak bere isiltasunik eta, zalantzarik gabe, bere altxorrik handienetako bat gordetzen du: Marcel Proust, Oscar Wilde, Jim Morrison, Maria Callas eta beste batzuen hilobiak… Eta erretratu bisuala ez da hildakoen hitzekin geratzen, jarraitu egiten baitie bizitzan bisitaririk kezkatsuenei.

Datozen asteetan zikloak ibilbide bat egingo du, hainbat emakumezko zuzendariren lana agerian jartzeko: Heddy Honigmann (Holanda), Maya Goded (Mexiko), Myriam Ayçaguer (Frantzia), Roya Eshraghi (Iran), Irene Gutiérrez (Kuba), Iris Zaki (Israel) eta Claire Simon (Frantzia). Sorkuntza garaikideko erreferenteak dira denak, eta haien lanak ez ditugu zirkuitu komertzialean aurkituko.

Programa ixteko, Gianfranco Rossiren Sacro Gra (2013) lana izango dugu ikusgai: «film honek poetikotasun handiz deskribatzen du Erroma hiria barnean hartzen duen ingurabide handia, hor hiri eternoa murruetatik kanpo hasten baita dardarka eta taupadaka. Harekin bilduko dugu gure zikloaren azken mapa».

AZKUNA ZENTROA ETA ZINEMA

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao zinema eta ikus-entzunezkoen tokia da Bilbon. Programazio egonkorra izateaz gain, hemen izaten dira inguru honetan egiten diren zinemaldirik eta topaketarik gailenak. Programazioaren oinarrizko ildoetako bat da, arloko espezialistekin aritzen gara lanean, eta proiektu egonkorrak jorratzen ditugu, proposamen klasikoak eta garaikideak, estreinaldiak, zinemaldiak eta ziklo tematikoak uztartuz, eta BIdeOtik ere eskainiz, hau da, ikus-entzunezko narratiba esperimentalagoen programa.

Era berean, zinema eta ikus-entzunezkoak Mediateka egituratzen duten ardatzetako bat dira. Gure funtsean, ia 5.000 bolumen eta zazpigarren arteari eta zinemaren industriari buruzko 500 liburu inguru daude jasota. Gainera, maileguan hartzeko gehien eskatzen den ataletako bat da: 500.000 alditan baino gehiagotan, jardunean emandako ia hamar urteetan.

ZINEMATEKAREN HAMARKADA BAT

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko Zinematekak programazio egonkorra izan du ia azken hamarkada oso honetan, zinema klasikoari eta, aldi berean, sorkuntza-lan garaikideei arreta eginez. Industriako joerak eta eskaintza komertzial zorrotzak gaindituz, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao erreferentea da zinemagintzako kulturaren dibulgazio-arloan, urte hauetan programatutako 65 zikloetara 50.000 lagun baino gehiago etorri baitira.

Gaur inauguratuko dugun programaz gain, 2019an, Zinemateka zinemaren historiako 50 harribitxi aurkezten ari da, zeharkako errepaso bat egiten, XX. mendeko ikonografiaren zati handi baten oinarria den irudia eraikitzeko balio izan duten maisulan batzuekin. Zikloak oso harrera ona izan du ikusleen artean, aurten 3.400 lagun baino gehiago hurbildu baitira orain arte.

Zinematekako saioak asteazken eta ostegunetan izaten dira. Sarrerak -4,5€ / 3,5€ Az txartelarekin- Golem Alhóndigako txarteldegian eta www.golem.es helbidean eros daitezke.