Opera Bilboko kaleetara irtengo da

uriola.eus 2019ko mai. 20a, 13:36

Arriaga Antzokiak ekoiztu eta Calixto Bieitok zuzendutako Mendi-Mendiyan opera Bilboko bost puntutan jarraitu ahal izango da, pantaila erraldoien bitartez.

Arriaga Antzokiak denboraldi honetarako prestatu duen opera ekoizpen nagusia, ekainaren 20an estreinatuko den Mendi-Mendiyan, kalera irtengo da bi egun geroago, ekainaren 22an, larunbatean, 19:30ean. Arriaga Antzokiak berak eta Bilboko Udalak bultzatutako ekimen horri esker, hala gura duenak, zuzeneko emanaldia jarraitzeko aukera emango duten bost pantaila erraldoiak instalatuko diren hiriko bost puntuetatik edozeinetara hurbildu ahal izango da. Azpimarratu behar da ekimenaren helburua ahalik eta pertsona gehienei kultur ekitaldi horretara hurbiltzeko aukera erraztea dela.

Horregatik, Mendi-Mendiyan, oso auzo anitzetako Bilboko bost puntu jakinetan eskainiko da. Hainbat aukera analizatu eta arrazoi teknikoen eta logistikoen ondoriozko bideragarritasuna aztertu eta gero, aukeratutako lekuak hauek dira: Ibarrekolanda plaza, Errekalde plaza, Otxarkoagako Angela Arregui plaza, Zorrotzako pilotalekua eta Azkuna Zentroa. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Ekimen berezi horren bitartez, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udalak lehen mailako ikuskizun lirikoaz kalean gozatzeko aukera eskaini gura diote hiri osoari. Kultura sozializatzeko horrelako ekintzak ohikoak dira Europako herrialde batzuetan, eta ez da arraroa operak edo musika klasiko kontzertuak kalean proiektatzea. Argi eta garbi dago ekintza puntual horiek ez dutela ordeztu behar zuzeneko emanaldira joatearen magia. Alderantziz, joatea pentsatu ere egin ez duten edo ezagutzen ez zuten ikuskizun mota bat atsegin dezaketela ikusten duten pertsonak erakartzen laguntzea bilatzen da. Horrela, ekimenak bat egiten du erabat Calixto Bieitok Arriagako zuzendaritza artistikoa bere gain hartu zuenean adierazi zuen ideiarekin: “antzoki publiko baten egitekoetako bat, atsegin dugun ala ez ez dakigun zerbait eskaintzea eta joan nahi genuela ez genekien lekuetara eramatea da”.

IKUSKIZUN HANDIA 

Bilboko ikus-entzuleek oso ekoizpen bereziaz gozatzeko aukera izango dute, izan ere ikuskizun handiek dituzten osagai guztiak biltzen ditu. Opera Mendi-Mendiyan da, euskal egile handienetako baten, Jose Maria Usandizagaren harribitxi lirikoa. Horrez gain, Arriagaren ekoizpenak Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoa du. Arriaga Antzokiko egungo Zuzendari Artistikoa, mundu mailako zuzendari handienetakoa da, eta bere zigilu pertsonal berezia jarriko du lan honetan, inolako zalantza barik. Berarekin batera, batutarekin Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatuz, Erik Nielsen Ikuskizunaren Musika Zuzendaria egongo da.

Eta argi dago ez dagoela opera handirik abeslari handi barik. Mendi-Mendiyan ikuskizuneko bakarlariak lehen mailakoak dira, nazioarte mailako ahots liriko azpimarragarrienetakoa den Ausrine Stundyte soprano lituaniarretik hasita. Berarekin batera, munduko agertoki onenetan ibilbide bikaina egiten ari den Mikeldi Atxalandabaso euskalduna. Eurekin beste abeslari bikain batzuk, Olatz Saitua, Mikeldi Christopher Robertson, José Manuel Díaz eta Gexan Etxabe, besteak beste.

Horrez gain, Bilboko Koralaren partaidetza ere azpimarratu behar da. Bertako ahotsek harik eta gehiago proiektatuko dute operaren indarra. Bilboko Koral Elkarteak lan honekin duen lotura zuzena gogorarazi behar da. Mendi-Mendiyan izan zen Usandizagaren lehenengo lan lirikoa, Bilboko Koral Elkarteak berak 1909an agindutako opera, 1910eko maiatzaren 21ean Campos Eliseos Antzokian estreinatu zena, arrakasta handiz.

Orain, Arriaga Antzokiak ekoizten du eta eszenara darama Mendi-Mendiyanbi emanaldi eskainiz. Estreinaldia Arriagan izango da ekainaren 20an, ostegunean, 19:30ean, eta larunbatean, 22an, beste emanaldi bat izango dugu, ordu berean. Hori izango da aipatutako Bilboko bost guneetan jarraitu ahal izango dena. Astebete geroago, ekainaren 29an, larunbatean, Arriagaren ekoizpen lana Donostiara joango da, Kursaal-ean emanaldi bat eskaintzeko.