‘Euskal Herriak Kapitalari Planto’ plataforma aurkeztu dute

uriola.eus 2019ko mai. 22a, 13:30

Plataforma hainbat kolektibok osotzen dute eta Euskal Herria jasaten ari den eraso kapitalistari erantzun soziala emateko nahiarekin sortu dute. Gaur goizean Sabin Etxearen aurrean egindako aurkezpenean "guztion ongizatearen eta burujabetasunaren aldeko apustua" aldarrikatu dute.

‘Euskal Herriak Kapitalari Planto’ plataforma aurkeztu dute gaur goizean. Argitu dutenez, hainbat kolektibok osotzen dute plataforma hau. Gaur egun, hezkuntza, osasuna, ura, energia, lurra, zaintza, erosketa publikoa, inbertsioak, merkataritza digitala edo berrikuntza ere negozioa izatea kritikatu dute. «Guztia da merkataritzarako bideragarria».

Horregatik, Euskal Herriak ere kapitalismoaren eraginak jasaten dituela adierazi dute, eta horren aurka mobilizatzeko beharra dagoela azaldu dute plataformako kideek. Beraz, kapitalaren barneratzearen adierazpen nagusien aurkako salaketa eta herri mobilizazioa koordinatu, artikulatu eta areagotzeko apustua egingo dute.

Bozeramaileek adierazi dutenez: “Salaketa, mobilizazio eta desobedientzia zibil baketsuaren aldeko sormenezko estrategia barneratzaileak sortuko ditugu alde batetik, eta bizitza mota demokratikoago, jasangarriago eta bidezkoagoetara iragaten uzten dituzten enpresa handiak arautuko dituzten alternatibak ezarriko ditugu bestetik”.