Patxo Telleriak gaztelerazko Testugile Onenaren Antzerki Saria jaso du Toledon

uriola.eus 2019ko mai. 29a, 13:08

Vaiven Produkzioak antzerki taldeak sariak jasotzen jarraitzen du Azken Trena Trenblikara/Ultimo Tren a Treblinka ikuskizunagatik.

Ildo honetatik, Toledoko Teatro Rojasek banatzen dituen antzerki sarietan Patxo Telleriak Gaztelerazko Testugile Onenaren saria jaso du antzezlan honengatik. Antzerki Ikuskizun onenaren saria jaso du Vaiveneko ikuskizunak eta, Mireia Gabilondo Eszena Zuzendaritza onenaren saria jasotzeko izendatuta bazegoen ere, azkenean Emilio Gutierrez Cabak eskuratu du sari hau La Cueva de Salamanca lanagatik.

Ana Pimentak eta Fernando Bernuések sortutako fikzioan, Alfonso Torregrosa, Maiken Beitia, Jon Casamayor, Gorka Martín, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde, Tania Fornieles eta Mariano Estudillo aktoreak aritzen dira. Esan bezala zuzendaritza Mireia Gabilondorena da eta Dramaturgia Patxo Telleriak egin du bai euskaraz zein gazteleraz.

Antzezlan honetan 1942ko abuztuaren 5ean Varsoviako Ghettoan gertatutakoa azaltzen da. Goiz horretan, Henryk Goldszmit doktore zaharrak, Ghettoan denek ezagutzen zuten Janusz Korczak bezala, 200 ume judutar lagundu zituen Treblinkako konzentrazio eremura eramango zituen azken trena hartzera. Lejendaren arabera, naziek bere burua salbatzeko aukera eman bazioten ere, doktore jaunak ez zituen umeak utzi eta beraiekin abiatu zen Treblinkara. Une honetatik aurrera, galdu egiten da doktorearen arrastoa.

Antzezlanean, publikoa antzerki ekintzaren erdialdean kokatzen da, ikuslea eszenan dauden mahaietan eta literetan jartzen baita: ikuslea istorio honetako beste umezurtz bat bezala sentituko da.