Makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu duten herritarrei dei zabal bat egin nahi diete irailaren 14an, epaiketaren bezperan, manifestazio handi bat antolatzeko Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diete epaiketari.
Manifestazio hau handia eta askoren aldetik babestua izan dadin eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari direla adierazi dute. Datozen asteotan emango dute horren berri.
Horrez gain, agerraldian, espetxe eskaera luze horiek eskatzeko zer egin duten argitu dute:
- Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu. Horretarako mediku eta psikologo sare bat antolatzea, eritasun larriak dituzten preso eta erbesteratuei zuzeneko jarraipena egitea eta egoera hauek gizarteratzea izan da gure lana.
- Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu. Horretarako jendarteko sektore zabalekin izan ditugu harremanak, orotariko kolore politikoekin elkartu gara, eta gure aldarrikapenek babes zabala jaso dute.
- Presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa egin dugu, bai epaitegietan eta bai espetxeetan. Horretarako abokatu sare zabala antolatu dugu, ezarritako salbuespeneko legedia behar zen toki guztietan salatuz.
- Presoen eta erbesteratuen senide bezala antolatu gara, ezarri zaigun zigor gehitua arintzeko. Bereziki sakabanaketa politikaren ondorioak gainditzeko lan egin dugu.
- Preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egin ditugu, hauek ere gizarteko sektore ezberdinekin harremanak izan zitzaten, egunerokotasun politikoari zegozkion beraien ekarpenak egin eta eragile ezberdinenak jaso ahal izateko.