Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleek Otto Petteren irakurketa jarraitua antolatu dute

uriola.eus 2019ko eka. 3a, 11:29

Otto Pette-ren 25. urteurrena ospatuko da irakurketa jarraituaren 12. edizioan. Ekainaren 6an 400 pertsona inguruk irakurriko dute euskal klasikoa Arriaga Antzokian.

Aurrekoetan, euskal literatura eta literatura unibertsaleko hainbat liburu esanguratsu aukeratu izan dira: adibide gisa, Itxaro Borda eta Bernardo Atxaga, aurten hizlari direnak, protagonista izan ziren aurreko edizioetan '%100 basque' eta 'Obabakoak' liburuekin, hurrenez hurren.

Horrez gain, Hiruilabete honetako Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldietan, Anjel Lertxundiren “Otto Pette”ren inguruan arituko dira ekainaren 3, 4 eta 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Bilboko Plaza Barria).

Dagoeneko hamabi edizio burutu dituzte. Lehenengo lau edizioetan kronologia izan zen: Gero (1643), Peru Abarka (1804), Haur besoetakoa (1959), Hamaika pauso (1995). Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. Mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu zuten.

Zergatik panpox (1959) izan zen laugarrena. Ostean, Obabakoak (1989) eta Harri eta herri (1964) liburuen 25 eta 50 urteurrenak ospatu zituzten. Zortzigarrenean, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak-ekin, literaturaren independentzia aldarrikatzea, baita arazo politikoarekiko ere. Bederatzigarrenean, itzulpenaren garrantziaren urtea izan zen Kafkaren Metamorfosiarekin.

Hamargarrenean, Itxaro Bordaren %100 Basque, emakume-idazle baten liburua izateaz gain, bere izaera periferikoa defendatzen duelako. Hamaikagarrenean, Txomin Agirreren Kresala izan zen protagonista, bizkaieraren garrantzia azpimarratuz eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak gogoan. Eta aurten, berriz ere urteurrena ospatuz, Anjel Lertxundiren Otto Pette (25 urte) irakurriko dute Arriaga Antzokian.