ARGIAk eta Bilboko senegaldarren Mbolo elkarteak “Inor ez da ilegala” proiektua martxan jarri genuen iaz, eta elkarlan horren azken fruitua da liburu hau. Oraingoan ere, “Inor ez da ilegala” aldarrikapen proiektua indartzen jarraitzea da asmoa.
Pape Niang-en bizipenak eta gogoetak ekarri ditu liburura Mikel Garcia Idiakez ARGIAko kazetariak. “Duela hamaika urte Senegaldik atera nintzenean, ez nuen uste beltza izate hutsa kondena izango zenik nire herrialdeko muga gurutzatu bezain pronto, hainbeste umiliazio jasan beharko nituenik. Ez nuen imajinatu Afrikan jaiotzeak Europan ilegal bihurtuko ninduenik. Baina Europak altxaturiko harresien gainetik migratzailez osatutako eta migratzaileok gidaturiko kooperatiban lanean hastea ere ez nuen espero. Pape Niang dut izena eta Ndar hirian hasten da nire historia”, dio sinopsiak.
Asteazkenean, Bilbon
Ekainaren 5ean, Bilboko Bira Kultur Gunean 19:00etan izango dira bai protagonista bai liburuaren egilea, lana aurkezten. Beraiekin batera, Bizkaia Harrera Sareko esperientziaren berri emango du Marta Abiegak. Aurkezpenaren ostean, solaserako tartea izango da.