Euskarazko lana duten musikariek Berri Txarrak taldearen aurretik jotzeko aukera edukiko dute

uriola.eus 2019ko eka. 3a, 16:28

Berri Txarrakek ez-ohiko kontzertua eskeiniko du datorren uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin: Berri Txarrak Lagun Artean. Aldez aurretik, Ahotseneak arratsalde horretan antolatutako kontzertuetan jotzeko izena emateko epea ireki dute.

21:00etan hasiko den ez-ohiko kontzertu horren aurretik, 16:30etatik 20:30etara bitartean, euskarazko kultur edukiz betetako egitaraua prestatu dute eta beste batzuei legez, Ahotseneakoei ere, parte hartzeko gonbitea luzatu diete. 

Proposamena onartu dute eta honenbestez, Ahotsenea guneko egitaraua osatzeko deialdi publikoa ireki dute. Ahotseneak bi oholtza izango ditu: Triangelu karpa eta Basoa. Oholtza bakoitzean 4 talde edo bakarlarik joko dute. Guztira, 8 talde edo bakarlarik, beraz. 30 minutuko kantaldiak izango dira.

Parte hartu gura dutenek honako helbidera idatzi beharko dute: ahotsenea@durangokoazoka.eus. Epea ekainaren 6an, goizeko 09:00etan hasi eta egitaraua bete arte izango da.

Irizpideak honako hauek izango dira:

  • Euskarazko lana izatea
  • 2019an diskoa argitaratu izana ( formatoa edozein delarik)

8 talde edo bakarlarik baino gehiagok izena emanez gero, hautaketarako honako ezaugarriak lehenetsiko dituzte: 

  • Generoa: Emakumez osatutakoek edota taldean emakumeren bat duten taldeak.
  • Lurraldetasuna: Ahalik eta orekatuena izatea lehenetsiko dugu.