`Ibilbide historikoak´ udan Bizkaiko txokoak ezagutzeko - Bilbo - Uriola.eus

`Ibilbide historikoak´ udan Bizkaiko txokoak ezagutzeko

uriola.eus 2019ko eka. 4a, 10:34

Bizkaiko Foru Aldundiak bi ibilbide berri sartuko ditu ‘Ibilbide historikoak’ programan: Barbadun eta Lea ibaien burdinolen ibilbideak, ekainean zehar burutuko direnak. Horrez gain, Urdaibain eta Zin-bidean  bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira.

Bisiten programa ekain honetan hasiko da Burdinolen ibilbide historikoakbisitarekin eta hileko asteburu guztietan gauzatuko da.

Bestalde, Urdaibaiko ibilbide historikoa deritzona uztailean eta abuztuan gauzatuko da, eta gai horretan adituak direnek toki guztietako xehetasunak eta bertan burututako ikerlanen emaitzak emango dituzte. Aipatutako eremuan leku hauek bisitatuko dira: Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia, Katilotxuko estazio megalitikoa, Arrola-Arrolaguneko Oppiduma eta Ereñozarreko gaztelua.

Aldundiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko ditu bisitak.  Kalitatezko zerbitzu jasangarri bat eskaintze aldera, bisitan parte hartuko duten pertsonen kopurua mugatua izango da. Interesdunek erreserba egin beharko dute aldez aurretik 688 856 689 telefono-zenbakira deituz edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatziz.

BURDINOLEN IBILBIDEA

Ekaineko asteburuetan bisita gidatuak egingo dira Lea eta Barbadun ibaien arroetara.

Alde batetik, Barbadun ibaia Bizkaiko jauntxoen industrializazioaren motorretako bat izan zen. Horren inguruan, burdina eraldatzeko uraren indarra erabiltzen zuten hainbat burdinola eraiki ziren. Ibilbide horrek Barbadungo arroa jarraitzen du Sopuerta, Galdames eta Muskizko udalerrietatik. Burdinolen mundua erromatarren garaitik testuinguruan jartzen duen ibilbidea.

Bigarren burdinolen ibilbidea Lea ibaiko arroan garatuko da. Ibai hori Aulestia, Gizaburuaga eta Lekeitiotik igarotzen da, beren paisaian burdinolen eta erroten industria-memoria bat azaltzen duten udalerriak, burdinaren eraldaketarako multzo hidraulikoak.

URDAIBAIKO IBILBIDE HISTORIKOA

Ibilbide hau uztailean eta abuztuan egingo da Mundakako itsasadarraren arroan. Toki hauek bisitatuko dira: Arrola-Arrolaguneko Oppiduma (Arratzu), Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katilotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da, eta 16 hektarea hartzen ditu barne. Mota honetako gotorlekuak edo kastroak oso ohikoak izan ziren Burdin Aroan, eta Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena Arrolakoa da. Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.

Bisiten programaren barruko beste toki bat Foruko Multzo Historikoa da, euskal itsasaldeko erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikorik ezagunena eta hoberen kontserbatu dena.

Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean. K.o. I. mendekoa da eta 6 hektarea hartzen ditu.

Aztarnategia 2017ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamalau eraikin izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.

Tourseko San Martin parrokia-elizako lurpean, tenplu errenazentista kristauaren azpian, Erdi Aroko nekropoliak eta eliza gotiko baten oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) lurraldeko beste bitxietako bat da. Bizkaiko Foru Aldundia duela sei urte hasi zen altxor arkeologiko hau industeko lanetan. Orain arte hamar hilobi-egitura aurkitu dira. Esparru horien barruan hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak (errausturik) sartzen ziren.

Aztarnategi honen lehenengo zantzuak 1994an aurkitu ziren, baina 2013an sartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak Tribisburu bere ikerketa-egitasmoen artean.

Aurkitutako hondarrek erakusten digute Tribisburun gure arbasoek K.o. I. mendetik III. mendera bitartean zeuzkaten hileta-ohiturak. Gorpua egurrezko txondor batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin, eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.

Indusketa-lanetan materia asko aurkitu dira, hauexek, besteak beste:  jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzak (zeramikazko plater eta lapikoak). Hondarrak oso zatituta dauden arren, argi dago Erromako kulturaren eragina.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste enklabeetako bat da. Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia. Gaur egun ermita txiki bat duen gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahal izango dute. Aldi horretan, Erdi Aroko gazteluak, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuak, eta gure arbasoen bizimoduak eta sinesmenak ziren nagusi.

Amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoa dago; hain zuzen ere, modu kolektiboan erabiltzeko hilobi-eraikin batzuek osatzen dute, eta bi dolmen dituzte, 2004. urtetik 2008. urtera induskatu eta zaharberritu zirenak. Gainera, hiru egitura tumular dituzte, baina oraindik ez da lanik egin horietan.

BIZKAIKO ZIN-BIDEA

Foru Aldundiak irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira. Nagusiki, bi helburu ditu batzordeak: gure historia ezagutaraztea eta, espezifikoago bat, Bizkaiko foruen funtsean barneratzea, bere ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko.