Anjel Lertxundiren Otto Petteren irakurraldi jarraitua egingo dute gaur

uriola.eus 2019ko eka. 6a, 08:51

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamabigarren edizioak Anjel Lertxundiren Otto Petteren 25. urteurrena ospatuko du, euskal literaturaren funtsezko obra hau irakurriz.

Ekimena Arriaga Antzokian izango da gaur eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da. Arriagako Plazan egingo den erromeria batekin burutuko da eguna, iluntze partean. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute ekitaldia.

BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleek Klasikoen Irakurketa Jarraitua antolatu dute hamabigarrenez, ikasturteari amaiera emateko. Hamabi ordu jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Anjel Lertxundiren obra irakurtzen.

Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean eta EITB-ren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Azkuna Zentroak, bere aldetik, Kulturen Atarian jarriko du pantaila bat, eta, zuzenean transmititzeaz gain, konexio zehatzak egingo ditu.

Irakurraldia goizeko 08:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etan bukatuko da. Anjel Lertxundik irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, irakurraldiari hasiera emanez. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu Otto Petteren pasarteak jendaurrean. 

OTTO PETTE

1994ko maiatzean argitaratu zen Otto Pette obra honako mezuarekin: “Biharko klasiko bat”. Beraz, haren hogeita bost urteurrena ospatzen dugu aurten. Eleberri honetan, Erdi Aroan kokatua dagoen istorio korapilatsu bat kontatzen da. Gizon bat jauregi batean bizi da bakarrik. Baronet pertsonaia nagusia matxinoen kontrako borrokan krudela eta odolzalea izan zen. Orain aldiz, iragan hura ahaztu besterik ez du nahi. Egun batean, gizon ezezagun baten bisita izanen du. Atzerritarra mendeku bila dator. Biak sukaldeko mahaian eserita, elkarri kontatuko diote beren bizitzaren istorioa.

Zergatik irakurri Otto Pette?: hutsetik sortua izan zelako, pertsonaia konplexuak dituelako, botere harremanak maisuki jorratzen dituelako, emakumezko burujabe, zentzudun eta arduratsuak hezurmamitzen dituelako eta esamolde, esaera zahar eta atsotitzen erabilera bikaina egiten duelako. Umorea duelako eta abentura liburua delako. Iparraldeko hiztegia tartekatuz, egundoko ekarpena egiten du Otto Petttek eta euskara literarioarentzako lur berriak aurkitu zituen. Hitz bitan: gozamen hutsa delako.

Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948) euskal idazlerik oparoenetarikoa da eta euskarak duen idazle onenetakotzat jotzen da. Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque eta iaz Txomin Agirreren Kresala irakurri ziren.

Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi-sorta bat antolatu ditu. Aurreko hitzaldi-sorta otsailean egin zen. Hurrengo egunetan, Pako Aristi, Jon Alonso, Tere Irastortza, Garbiñe Ubeda eta Anjel Lertxundi arituko dira.