Calixto Bieito Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak eta Nekane Alonso Arriaga Antzokiaren presidente efektibo eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, Arriaga Antzokiak 2019-2020 denboraldian, 2019ko abuztutik 2020ko ekainera bitartean, biak barne, eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri eman dute gaur goizean prentsa aurrekoan. Denboraldia bat etorriko da Arriaga Antzokiaren 130. urteurrenarekin.
Egia esan, gaur iragarri diren berrikuntzak irailaren erdialdetik aurrera etorriko dira, izan ere, dagoeneko ezaguna da zein izango den udako eta Aste Nagusiko programazioko ikuskizun nagusia (abuztuaren 14tik irailaren 8ra) West Side Story, Bernsteinen musikal ezaguna.
Programazioa oso anitza da, elkarren artean oso desberdinak diren eta, hortaz, gustu guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dauden ikuskizunez osatutakoa. Arriagako agertokitik, sentimenak piztea bilatuko duten artistaak eta oso proposamen sortzaileak igaroko dira. Azken urteetako ildoari jarraituz, programazioak bultzada eman gura dio bertako eszenari, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko artistekin duen konplizitatearen bitartez; Espainiako Estatuan egiten den antzerki hoberena eskaintzea eta Arriaga Antzokiak nazioarte mailan duen posizionamendu bikainari eustea ere nahi du.
EUSKAL LABELA DUTEN ESTREINALDIAK
Beste urte batez, Arriaga Antzokia euskal kulturaren erdigune bilakatuko da, Euskadin egindako lanen estreinaldi garrantzitsuak jasoz. Aipatutako Arriagaren ekoizpen propioez gain, agertoki horrek egitasmo ugariren lehenengo emanaldiak ere jasoko ditu. Tartean konpainiak, adibidez, Simplicissimus Kabaret bere proposamen berria estreinatuko du azaroaren 26an eta 27an, Patxo Telleriak idatzitako kabaret musikala, umorearen ikuspuntutik jazarpena jasaten duten komikoei omenaldia eskaintzeko, Berlingo hiru komiko ezagunetan oinarrituz.
Erabateko estreinaldiak izango dira, baita ere, Fernando Bernuesek zuzendutako Tanttakaren Utzi mezua seinalearen ondoren-Deje su mensaje después de la señal lan berria, urriaren 15ean eta 16an euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dena; Pabellón 6en Sabias ellas lana, urriaren 29an eta 30ean eszenaratuko dena, Felipe Lozak zuzenduta; eta Iparragirre, bihotzeko Jose Mari lana, Urretxuko bardoaren abestiz osatutako antzerki omenaldia, 2020ko martxoaren 11n, Loraldia jaialdiaren barruan.
Beste bi estreinaldik ere interes handia piztuko dute, arrazoi desberdinak direla eta. Bat Ikimilikiliklik da, Jokin Oregiren eta Marie de Jongh konpainiaren lan berria, berrikuntza garrantzitsua duena: lehen aldiz jestuala ez den ikuskizuna aurkeztuko du, hitza eta ahotsa erabiliz adierazpen bide gisa. Urtarrilaren 21ean eta 22an izango da. Bestea Oymyakon: habitación 101 da,Khea Ziater konpainiaren eta Alex Gerediaga zuzendariaren azken sorkuntza lana.
Duela hilabete gutxi Arriaga Antzokiaren Macbeth zuzendu ostean, proiektu berriari ekin dio, beti ere antzerkiko eta zineko kodeak erlazionatzen dituen estiloari leial izanda. Emaitza datorren urteko urtarrilaren 28an eta 29an ikusi ahal izango dugu. Amaitzeko, apirilaren 27an eta 28an, beti ere moldakorra den Mitxel Santamarinak “auto-fikzio” ikuskizuna eskainiko du formatu txikian, bakarrizketen eta abestien artean, Gordo, basko y maricón izenekoa.