Argazkilaritza dokumentala, BasqueDok Festivalen ardatza

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2019ko eka. 19a, 12:07

Hilaren 21etik 23ra egingo dabe jaialdia, Bilbon.

Argazkilaritza dokumentalaren alorreko nazinoarteko profesionalak konbidauko ditue hurrengo egunotan, euren lanbideko gorabeherak kontau eta alkar aberasteko. Basque Dok Festival bigarrenez egingo dabe, oraingoan bagilaren 21etik 23ra, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Ixone Sádaba artista eta jaialdiko komisarioak programazino mamintsua atondu dau. Besteak beste, Bilbon izango dira Cristóbal Hara (Vanitas eta Autobiography liburu sarituen egilea), Darcy Padilla (hiru World Press Photo irabazitakoa), Martín Weber hego-amerikarra, Daro Sulakauri georgiarra eta Lua Ribeira (Magnum agentziakoa).

Euskal publiko zabalari ezagun egingo jako, ganera, Mikel Ayestaran kazetari beasaindarra, hainbat hedabiderentzat Hurreko Ekialdetik egindako euskerazko kronikakaitik. Berak be berbaldia emongo dau. Bieke Depoorter belgikarra, Carol Körting kolonbiarra eta Sofía Moro espainiarra izango dira beste konbidaduak.

Berbaldi nagusiez gan, BasqueDokFestivalen programan eskola magistralak eta tailerrak egongo dira, baita herritar guztiei edegitako jarduerak be: Golem zinema-aretoetan El silencio de la guerra, DAMASCOdokumentala aurkeztuko dabe, eta Itsasmuseumen mikro-dokumentalen proiekzinoak programau ditue. Egitarau osoa hemen.

Feminista, iraultzaile, kutsakor eta kutsatua, bigarren edizino honetan ahots baztertuei, isilduarazotakoei oihartzuna emoten deutsen argazkilaritza dokumentalari protagonismoa emon nahi izan deutsagu, baita askotan arrakastearen mugetan kokatzen dan autore-lan personal eta ausartari be, adierazo dau Ixone Sádaba komisarioak.