Uztailaren 3an, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren aurrean elkarretaratzea antolatu dute EHUko LAB, ELA eta Steilas-eko atal sindikalek, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gerra hemen hasten da eta Mugarik gabeko ingeniaritza taldeek. Idatzi bat ere plazaratu dute EHUri militarismoarekin dituen loturak etetea eskatzeko. Uztailaren 6an eta 7an Getarian “Elkanoren Zeruertza” ekimena antolatu du Espainiako armadak eta laguntzaileen artean EHUko Ingeniaritza eskola egoteak eragin du sinatzaileen kontrakotasuna.
“Ez da EHU militarrekin eta armagintza industriarekin harremanetan agertzen den lehenengo aldia. Ez gaitu harritzen, beraz, baina haserrea sortzen digu”, diote eskutitzean. Unibertsitate publikoaren funtzioa euskal jendartearen beharrei erantzutea dela eta ez indar armatuekin eta herriak txikitzen dituen euskal armagintzarekin kolaboratzea gogorarazi dute. “Diskurtsoaz harago, horrelako jardueretan islatzen da unibertsitatearen izaera”.
Horregatik, EHUko Bilboko Ingenieritza Eskolari eskatu diote ez dezan parte hartu Espainiako Armadarekin batera Elkanori egin behar dioten omenaldi horretan. Eta, era berean, EHUko gobernu taldea gonbidatu dute antimilitarismoaren baloreekin bat egitera.
Espainiaren itsas-enbaxadorea Getarian: meza eta Elkanori omen
Uztailaren 6 eta 7an, Juan Sebastian Elkanori “inoiz egin zaion omenaldirik handiena" egin nahi diote, eta horretarako militarrek itsasoarekin lotutako “lau ontzidiak” batu nahi izan dituzte: merkataritzakoa, arrantzakoa, militarra eta kiroletakoa. Horregatik, itsasoarekin lotutako zenbait elkarte batu dira ekimenera, tartean lau klub nautiko eta hainbat arrantza elkarte, besteak beste.
Uztailaren 6an bela-ontzien estropada bat antolatu dute, Getxo-Getaria eta Hondarribia-Getaria zeharkaldiak egingo dituzte. Eta bela-ontziez gain, ontzi mota guztientzat irekitako zeharkaldi bat egingo dute, ‘rally nautiko’ moduan. Ehun bat ontzi bildu nahi dituzte Espainiako Armadaren ‘Juan Sebastián de Elcano’ itsasontzia Getariara heltzen denerako. Elcano ontzia, militarren eskola izateaz gain, Espainiak itsasoan duen ikurrik ezagunena da, eta bere bidaietan Espainiaren enbaxada lanak egiten ditu.
Uztailaren 7an, Elkanoren omenez Getarian egingo duten beste jarduera bat San Salbador Elizan meza bat izango da, Salbatore abesbatzaren parte-hartzearekin. Horren ondoren, ontzi guztien ordezkariek, tartean Elcano ontziko 197 militarrek, omenaldi-ekitaldi bat egingo dute Elkanoren monumentuaren aurrean.
Ondorengoak dira militarrek sustatutako “Elkano Zeruertza” ekimenera batu diren erakundeak:
Espainiako Armada
Lehen Mundu Biraren V mendeurrenaren Espainiako Batzordea
Espainiako Armadako Itsas Museoaren Fundazioa
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza
Bizkaiko Merkataritza-Itsasketako Kapitainen Elkartea
EHUko Bilboko Ingenieritza Eskola
Euskadiko Bela Federakuntza
Euskadiko Kirol Portuak
Hondarribiako Klub Nautikoa
Club de Pesca de Atún de Lekeitio
Elkano Arrantzaleen Kofradia
Hika Txakolindegia
Getariako Ostelaritza
Itsasamezten – Kapitain, Patroi eta Itsaszaleen Elkartea
Orza Armadores Getxoko Kirol Portua
Pasaiako Itsas Arrantza BHI
Abrako Klub Nautiko Erreala - Real Sporting Club
Donostiako Klub Nautiko Erreala
Espainiako ‘Real Liga Naval’
Zumaiako Nautika Elkartea