Abusu, Erribera eta Errekaldeko jaiak gertu

uriola.eus 2019ko eka. 26a, 10:36

Ostegunean emango diete jaiei hasiera Deustuko Erriberan. Abusu eta Errekaldeko auzotarrek, aldiz, ostiralean egingo dute konpartsen jaitsiera. 

Aspaldi murgildu ziren Bilboko auzoak jai giroan. Martxoan Deustuarrek denboraldia ireki zutenetik, gelditu gabe dabiltza Bilboko jaizaleak. Elorrietan, Indautxun, Altamiran, Iralan, Otxarkoagan eta lehen aldiz Alde Zaharrean izan dute jai herrikoiez gozatzeko aukera. Horrez gain, zenbait auzotako Gazte Egunak eta udako solstizioa ospatzeko jaiak ere izan dira gurean.

Bero-bero dago jai giroa Bilbon. Joan den asteburuan Abusuko bizilagunak joan den asteburuan ospatu zuten Arrautza Eguna eta Sanjoan gaua. Ostiral honetan egingo dute kuadrillen desfilea, txosnak ireki eta asteburu osoko jaiei hasiera emateko. Ekainaren 28an, ostiralean bertan, Abusu Rock ospatuko dute, inguruko musika taldeen emanaldiekin. Hurrengo egunean paella eta sardina janak izango dira protagonista egunean zehar, eta gauean elektrotxarangak, orkestak eta mariatxiak. Igandean, marmitako, tortilla eta postre lehiaketaren txanda izango da, bai eta entzierro eta alardearena ere.

Erriberan ekainaren 27an jaurtiko dute txupinazoa. Igandera bitartean Txitxardin izango da Deustuibarrako protagonista eta elektrotxarangek, ume eta helduentzako txapelketek, jolasek, bazkariek eta luntxek, kale animazioak eta hamaika kontzertuk lagundu diote auzoko kaleak alaitzen.

Errekalden ekainaren 28an emango dute jaietako pregoia. Uztailaren 7a bitartean denetarik egongo da Errekaldeko plazan eta inguruko kale zein tabernetan. Besteak beste, Emakumeen eguna, Herrien Eguna, Haurren Eguna, Euskaraz Bizi Eguna, Gaztetxe Eguna, Elkartasun Eguna eta Gazteen Eguna ospatuko dituzte 10 egunotan.

Info+: Jai Batzordea La Peña, Erriberako Jai Batzordea eta Errekatartalo Jai Batzorde