"Harrotasuna ez dago salgai"

uriola.eus 2019ko eka. 26a, 15:01

Bizkaiko E28 Koordinakundeak manifestazioa egingo du ostiralean Stonewalleko matxinadaren 50. urteurrenean. Orain 40 urte Oreretan eraildako Francis ere omenduko dute.

Prentsaurrekoa eman du Bizkaiko E28 Koordinakundeak ostiralean egingo duen manifestazioa aurkeztu eta Pridearen aurkako bere argudioak aurkezteko.

LGTB+ pertsona eta elkarteekin lanean 43 urte daramatzan kolektibo honek 2009an hasi zuen Pride-ari boikota. “EAJ eta Ortzadarrek, irabazi ekonomikoak eta irabazkin politikoak lortzeko helburuarekin, LGTB+ mugimenduak alde batera utzi eta euren proiektua mantentzea ebatzi zuten momentutik bertatik”, argitu dute.

Era honetan, instituzioek LGTB+ borroka “instrumentalizatu” nahi izatea eta Bilbao Bizkaia Pride-a antolatzera bideratutako “dirutza” (azaldu dutenaren arabera, 130.000 euro baino gehiago 2018an) gaitzetsi dute.

Mugimendu ezberdinen arteko “borroka eta zaintza sarea” berreskuratu eta indartzeko beharra azpimarratu dute, eta kapitalismoaren eta errepresio polizialaren aurka daudela gogorarazi dute: “Sistema zapaltzaile honen beso armatua den poliziak, pertsona arrazializatuak kriminalizatzen ditu, kapitalaren etxegabetzeak babesten ditu jendea kale gorrian utziz eta errefuxiatuak deportatzen ditu”. 

Horregatik guztiagatik, manifestazioa egingo dute ostiral honetan, ekainak 28, Stonewalleko matxinadatik 50 urte beteko diren egunean. Halaber, orain 40 urte Oreretan erail zuten Francis trabestia gogora ekarriko dute. 

Manifestazioa Bihotz Sakratutik abiatuko da 19:30ean,  “Stonewall mugarri, kaleetan harro!” lelopean.