Kalealdia jaialdia uztailaren 1etik 7ra

uriola.eus 2019ko uzt. 1a, 13:49

80 ikuskizun eskainiko dituzte kaleko arte eszenikoetan erreferente diren nazioarte-mailako 29 konpainiak, eta tartean estatuko 6 estreinaldi eta 3 estreinaldi absolutu eskainiko dira. Era guztietako ikuskizunak izango dira: kale-kaleko antzerkia, gaur eguneko zirkua, dantza, musikaren kaleko bandak eta clown artistak.

Inaugurazio-ekitaldia gaur goizean egin da Casilda Iturrizar parkeanhortxe egingo baitira ikuskizun gehienak. Izan ere, Alkateak esan duen bezala, “aire zabaleko antzoki handi bihurtu zaigu parkea, leku ezin hobea kaleko arteen, dantzaren, gaurko zirkuaren eta antzekoen ikuskizunetarako…inguru naturala, ikusten duzuenez egunokaz esperientzia eszeniko bakar eta desberdina eskaintzeko jaigiroan murgilduko dena." Parkea modu berezian apaindu dute aurten ere kaleko arteen hitzordu garrantzitsu hau hartzeko. Lehenengo ekitaldiak Brandakadabra Marching Band musika-banda eta zentzumenen ikuskizuna eta Mystérieuses Coiffures taldearen orrazkera arraro entzutetsuak izan dira.

Jaialdiaren barruan guztira egingo diren 80 emankizunetako batzuk beste leku batzuetan egingo dira, hala nola, Zazpi Kaleetan, Areatzan, Plaza Barrian, Santiago plazan eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldean. Kalitate maila bikaina erakusteaz gain, adin guztietako ikus-entzuleentzat da jaialdia; guztira, nazioarteko panoraman lehen mailan dauden 29 konpainiaren proposamen berrienak bildu ditu: konpainia horietako 10 Euskadikoak dira eta 4 estatukoak; gainerakoak, 29 konpainia izan arte, batik bat Frantziatik –erreferente handia da Europan kaleko antzerkian-, Italiatik eta Danimarkatik datoz.

Konpainiei dagokienez, eta bereziki, euskal konpainiei dagokienez, Juan Mari Aburtok adierazi du “BILBOKO KALEALDIAK segurtasun- eta aukera-ingurua eskaintzen diela, aukera emanez modu profesionalean jarduteko, finkatzeko eta nazioartera zabaltzeko” eta, gehitu du “uste osoa dugu gure politikek sortzaileen alde egin behar dutela”. Administraziotik, betiere sektorearen eta artisten eskutik, kulturaren arloko artistek eta profesionalek euren sorkuntza-lana ahal denik eta baldintzarik onenetan egin dezaten bultzatu behar dugu eta horretarako baldintza materialak eskura jarri, horrela herritarren eskubide kulturalei ere erantzunez.

Bilboko jaialdiak hamarkada bi bete ditu eta honezkero, erreferente bihurtu da estatuan eta Europan. Gainera, “BILBOKO KALEALDIA punta-puntako kultur ekitaldia da gure urian, bai bisitariak bai bilbotarrak noiz hasiko zain izaten dituena; izan ere, uda eta eguraldi ona iristearekin batera kaleko arte eszenikoekin ondo pasatzeko aukera ematen digu jaialdiak” amaitu du Alkateak.