Hasi da 'EuskarAbentura 2019'

uriola.eus 2019ko uzt. 2a, 10:25

'EuskarAbentura 2019' Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 121 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duten xerpa-, osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 25 lagunak Maulen elkartu dira abenturarekin hasteko.

Harrera labur baten ostean, neska-mutilak taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango duten xerparekin (begiralea) batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute. Bazkalostean espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute. Arratsaldean Michel Etxebest Mauleko alkateak hartu ditu herriko plazan, eta talde-argazkia egin dute azken honekin. Gaua JaiAlaien pasako dute eta bihar, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez. 

Datozen egunetako aurreneko etapa hauek (Maule–Pagola, uztailak 2; Pagola–Jutsi, uztailak 3; Jutsi–Garazi, uztailak 4) 15, 8 eta 25 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak suertatzea, hain justu, lehenengoak direlako. Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere.

EuskarAbentura 2019 espedizioko ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten duela aurrera: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.

Honakoak dira datozen egunetako interesgune azpimarragarrienak:

– Jurako Tropa taldearen kontzertua. Uztailak 2, Pagola. 18:00-19:30.
– Tertuliak Ipar Euskal Herri barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat gazterekin. Tartean, Joana Hoki (Azia Elkartea) eta Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna). Uztailak 3, Jutsi. 16:00-19:30.
– Soziolinguistika tailer ibiltaria Donibane Garaziko karriketan barrena, Xan Aire dibulgatzailearen eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian. Euskarak Pirinio magalean arnasten duen giroa bertatik bertara ezagutzeko balio izango duen behaketa-saio aktiboa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 15:00-17:00.
– ‘Gartxot’ filmaren proiekzioa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 18:00–19:30.