11/13 makroepaiketako auzipetuek pairatzen duten egoera larriaren berri eman dute

uriola.eus 2019ko uzt. 9a, 10:53

Bilbon emandako prentsaurrekoan 11/13 makroepaiketaren aldeko manifestuak 8000 atxikimendutik gora jaso dituela argitu dute. Horrez gain, "konponbiderako gogoeta partekatuak ahalbidetzea" da euren nahia eta  gehiengo politiko eta sindikala osatzen duten alderdi zein eragileekin harremanetan ari dira.

11/13 makroepaiketan auzipetutako 47 lagunek, Bilbon egindako agerraldian, ondorengo gogoetak partekatu dituzte. Izan ere, irailaren 16an, euskal presoen eskubideen alde eta bake egoera bat finkatzeko asmoz lan egiteagatik, Madrilgo Audientzia Nazionalean epaituko diituzte eta kontrako 601 urtetako espetxe eskaerak daudela jakin zutenetik, lanean jarri dira.

Horiek horrela, gehiengo politiko eta sindikala osatzen duten alderdi zein eragileekin harremanetan jarri direla argitu dute. Hainbat bilkura egin dituzte jada eta aurrerantzean ere, sektore eta profesional ezberdinekin elkartuko dira.

Azaldu dutenez, beraien nahia, "pairatzen dugun egoera larriaren berri eman eta konponbiderako gogoeta partekatuak ahalbidetzea da. Zeintzuen bitartez, bakea, elkarbizitza eta etorkizun hobe bat sustatzeko borondate irmoarekin urratsak emateko prest gaude. Harreman dinamika hau, gainera, nazioarteko herri ezberdinetara eramateko aukerak aztertzen ari gara."

11/13 makroepaiketaren aurka eta konponbidearen alde Jon Maiak idatzitako manifestuak 8200 sinaduratik gora bildu ditu 18 egunetan. Atxikimenduak jendarteko eremu guztietatik datoz. Hori dela eta, oso pozik eta eskertuta azaldu dira jasotzen ari diren babesarekin. Oraindik ere, manifestua sinatu ez duten herritarrei, atxikimendua emateko gonbita luzatzen diete, honako helbidean: www.11-13makroepaiketa.eus 

Argitu dutenez, uda osoan zehar, beste hainbat iniziatiba antolatuko dituzte eta hurrengo asteetan horien berri emango dute. Aurreratu duten lehenengo deialdia irailaren 6,7, eta 8an, jatorrizko hiri eta auzoetan hainbat ekimen eta mobilizazioa egingo dituztela da. Azkenik, sentsibilitate ezberdinetako herritarrak irailaren 14an Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera gonbidatzen dituzte.