125 pertsona abiatuko dira ostiral honetan Bilbotik hego mugara "espazio neofaszisten hazkundea" salatzeko

uriola.eus 2019ko uzt. 11a, 13:38

Grezia, Melilla eta Italian zehar ibili ostean, Mugak Zabalduz-Abriendo Fronteras karabanak berriro ere bideari ekingo dio Euskal Herritik. Bederatzi egunetako bidaia izango da uztailaren 21era arte luzatuko dena eta jomugatzat Europako hego muga izango duena, Granada, Motril, Tarifa, Ceuta, Algeciras, Jerez, Sevilla eta Huelvan geldialdiak eginez.

Euskal Herrian Ongi Etorri Errefuxiatuakek eta Iruñea Harrera Herria taldeek antolatutako ekimen honetan, 10 pertsonatik ia 7 emakumezkoak dira. Gainera, ibilbidean zehar Catalunya, País Valencia, Kantabria, Madril, Aragoi, Gaztela eta Leon, Balear uharteak eta Andaluziatik kideak batuko dira.

Aipatzekoa da karabanaren izaera internazionala urte hauetan zehar sortutako sare eta aliantzei esker, hegoaldeko mugako beste puntu batzuetan jarduten duten erakundeen parte hartzea egongo delako, hauen artean Carovane Migranti talde italiarraren integranteak.

Adierazi dutenez, "Andaluziako zelaietan gertatutako milaka eta milaka pertsona migranteen esplotazioak, emakumeena bereziki, Andaluzia karabanaren bidaiaren helmuga gisa zehazteko irizpide izan da. Horretaz gain, Andaluzia Europan pertsona migranteen etorrera handiena duen eskualdea bihurtu da, eta horrek heriotza kopuruaren areagotzea eragin du, instituzioen harrera sistemaren gutxiegitasun eta hutsuneak zein Pedro Sanchezen gobernuaren migrazio politiken inboluzioa agerian utziz."

Hori dela eta, Mugak Zabalduz Karabanan parte hartzen duten kolektibo zein pertsonek pertsona guztiek eduki beharko luketen harrera eta mugimendu askatasunaren eskubideen aldarria egiten dute. Giza eskubideen betetzea eta aterpe eta inmigrazioaren inguruko nazioarteko hitzarmenen betetzea ardatz izanik, eta aurrekoak betetzen ez direneko egoerak ikusarazi eta salatuz.

Adin txikikoen egoeren ikusarazte eta salaketa, pertsonen salerosketa, Ceutako “itzultze beroak”, porteadorak, etxe-langileak, hesiak, indarkeria instituzionalaren edota hegoaldeko mugaren uzte humanitarioaren ondorioz eraildako pertsonen omenaldiak… edukiko dituzte karabanan zehar.