Larunbatean Konpartsakide Eguna ospatuko dute

uriola.eus 2019ko uzt. 18a, 08:47

Bilboko Konpartsen federazioa osatzen duten 28 konpartsak Areatzan bilduko dira larunbat honetan beraien jaia ospatzeko. Aste Nagusirako hilabete bat geratzen denean Areatza kolorez jantziko da ekintzaz betetako egunaz gozatzeko.

Izan ere, data seinalatua da Konpartsakide Eguna konpartsen artean, konpartsakide izatea ospatzen baitute elkarrekin eta datozen asteotan datorkien erronkari gogotsu ekiteko indarra hartzeko hitzordu motibagarria dute.

Konpartsakide eguna konpartsakideak elkartu eta ospatzeko eguna da, hala ere, bilbotar guztiontzako hainbat ekimen prestatu dituzte, hori baitago Bilboko Konpartsen muinean, gustu guztientzako jai herrikoi eta parte-hartzaileak eraikitzea.

Egunean bertan hurbiltzen direnek gozatu ahalko dituztenak, besteak beste, hurrengoak izango dira: goizeko lehen ordutik abiatuko dira txikientzako jolasekin, inklusibitate-tailerra, ardo-dastaketa eta pintxo lehiaketarekin.

Ondoren, bazkaltzeko unea izango da. Konpartsa guztiak Areatzan bilduko dira giro ederrean jateko. Hori bukatzean erromeriaren txanda izango da. Lehian taldeak kioskoan kontzertua eskainiko du. Egunari bukaera emateko, Alde Zaharrera mugituko dira Orkresta elektrotxarangarekin kalejiran.