Argi ibiltzeko gomendioak muturreko tenperatura beroak direla-eta

uriola.eus 2019ko uzt. 22a, 11:50

Euskalmetek iragarri duenez, tenperaturarik handienak 36-38 gradu ingurukoak izatera irits daitezke gaur eta bihar. Osasun-arriskuak murrizteko, beharrezkoa da, besteak beste, eguzkitik babestea, likido ugari hartzea eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egitea.

Muturreko tenperatura beroak direla-eta, tarteka 36-37 gradu izatera irits baitaiteke, Bilboko Udalak herritar guztiei, batik bat umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei, eguzkitan ez paratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko gomendatzen die.

Bero-bolada hobeto jasateko, Bilboko Udalak zazpi iturri jarri ditu jenderik gehien ibiltzen den lekuetan, hurrengo egun hauetarako aurreikusita dauden tenperatura altuei aurre egiteko; izan ere, Euskalmeten eguraldi-iragarpenaren arabera, Bilbo alerta horiko egoeran egongo da gaur eta bihar, muturreko tenperaturak izango direlako.

Iturri horiek, aldi baterako jarri dira ureztatzeko aho eta zutabeetan, urian dauden 448 iturri publikoei gehituz. Beharrezkoa bada, behin-behineko iturri gehiago jarriko dira.

Behin behineko zazpi iturriak hurrengo puntu hauetan jarri dira:

  • Agirre Lehendakariaren etorbideko 162an
  • Blas de Otero kaleko 36an.
  • Kale Nagusiko 63an.
  • Kale Nagusiko 25ean.
  • Areiltza Doktorearen kaleko 32. zenbakiaren aurrean.
  • Etxaniz Suhiltzailearen plazako 4an.
  • San Jose plaza

ARRISKUAK OSASUNERAKO

Bilboko Udalak gomendatzen du eguerdiko orduetan eguzkitan ez egoteko eta likido ugari edateko. Gainera, arreta handiagoa jarri behar zaie umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei. Bero handia egiten duen lekuetan luzaroan egoteak arazo larriak eragin ditzake erregulazio termikoaren faltagatik, zenbait patologia errazago ager daitezke eta aurretik zeuden gaixotasunak areagotu, batez ere arrisku handiagoa duten pertsonengan. Hauek dira arrisku-taldeak:

  • 1. arrisku-taldea: talde horretan sartzen dira oro har osasun ona duten 65 urtetik gorako adindunak, alergiengatik tratamenduan dauden pertsonak, diuretikoekin eta antidepresiboekin tratamenduan dauden pertsonak, alkohol asko edaten duten edo oso gizenak dauden pertsonak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
  • 2. arrisku-taldea: talde horretan daude gaixotasun hauek dituzten pertsonak: giltzurruneko patologia kronikoa, bihotz-hodietako gaixotasunak, patologia psikiatriko larria, arnasa-gaixotasun kronikoak, gaizki kontrolatutako diabetesa eta etilismo kronikoa.
  • 3. arrisku-taldea: hor sartzen dira adindun ahulak, immobilizatutako gaixoak eta gaixo terminalak.

Horregatik, Bilboko Udalak gertuko adinekoak bisitatzeko eta zaintzeko eskatu die herritarrei, guzti-guztioi dagozkigun gomendioak betetzen dituztela egiaztatuz.

AHOLKU PRAKTIKOAK

  • Ohi baino likido gehiago edan, batik bat ura, egarria nabaritzea itxaron gabe. Ez edan kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak.
  • Jaki arinak jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak…).
  • Eguzkiak ematen dien leihoak itxi eta pertsianak jaitsi, bero gutxien egiten duenean etxea aireztatuz eta freskatuz.
  • Arropa nasaia, arina eta kolore argikoa eta oinetako eroso eta freskoak jantzi.
  • Etxeko tenperatura 35º C baino handiagoa bada, ez da nahikoa haizagailua erabiltzea beroak eragin ditzakeen osasun-arazoei aurre egiteko, eta ondorioz, dutxa edo bainu hotzak hartzea edota aire egokitua (20-21º C) duen lekuren batean gutxienez bi orduz egotea gomendatzen da.
  • Bero gehien egiten duen orduetan, ez irten kalera guztiz premiazkoa ez bada. Kalera irten behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabili eta, ahal dela, beti gerizpetan egon.
  • Ariketa fisikoa eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Ez geratu aparkatuta eta itxita dauden ibilgailuen barruan, gerizpetan egon arren.

BERO KOLPEA JASANEZ GERO HARTU BEHARREKO NEURRIAK

Hona hemen bero handiaren eragin negatibo batzuk: zorabioak, ahultasuna, nekea eta goragalea edota konortea galtzea. Intsolazioa ere bero handiari lotuta dago, eta azal gorritua, beroa eta lehorra, pultsu azkarra eta buruko min handia dira sintomak. Halakorik izanez gero, deitu 112 telefonora, jarri toki fresko batean, burua estalita eta jarri konpresa bustiak eta hotzak besapeetan.

ETXEKO ANIMALIAK

Etxeko animaliek, eta bereziki txakurrek eta katuek, bero kolpea jasan dezakete oso erraz bereiz daitezkeen sintomekin: arnasestu gogorra, arnasketa arina, gehiegizko listu-jarioa, arretarik eza, zuzen ibiltzeko zailtasunak edo gorakoa. Itzalpean jartzea, ura eskaintzea, sudurrean zapi bustiak jartzea eta hankak uretan sartzea dira jarraitu beharreko gomendio erraz batzuk, eta horiekin nahikoa ez balitz, animalia albaitariarenera eraman beharko litzateke.