Indarkeria sexista

Sei gizon atxilotu dituzte gaur Bilbon talde bortxaketa batekin lotuta

uriola.eus 2019ko abu. 2a, 11:18

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez Begoñako Etxebarria parkean talde bortxaketa bat egon da gaur gauean. Biktimak Basurtuko ospitalean egin du salaketa eta poliziak gaur goizaldean sei gizon atxilotu ditu.

Emakume gaztea ospitalean tratatu behar izan dute egunsentian. Bertan salaketa jarri ostean, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 18 eta 36 urte bitarteko sei gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean.

Atxiloketak, Bilbo Zaharrean egin dituzte eta Deustuko polizia etxera eraman dituzte. Bortxaketa, berriz, gauean izan da, Begoñako Etxebarria parkearen inguruan. Ertzaintzak, lekua zigilatu egin du frogak eskuratzeko.

Bilboko Udala osotzen duten talde guztiek "Irmotasun osoz" gaitzetsi dute erasoa. Azaldu dutenez, "Ekintza horrek, osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez".

Adierazpenean erantsi dutenez, bart gaueko erasoa gaitzesteko ekitaldietan parte hartuko du udalak, eta "Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".