‘Euskaraldia I. Emaitzen azterketa’ lana aurkeztu dute gaur

uriola.eus 2019ko ira. 16a, 18:16

Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria, Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza Politikako saliburua, eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako diputatua, izan dira emaitzaren aurkezpena egin dutenak gaur goizean EHUko Gipuzkoako campusean.

 

‘Euskaraldiak iraun bitartean parte hartzaileen jokaerak nabarmen astindu dira’, horrela dio lanaren ondorio nagusietako batek. Izan ere, 11 egun horietan erabilerak nabarmen egin zuen gora, %20,1 guztira. Euskaraldia hasi aurretik erabilera %66,5koa zen, euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera berriz, %72,1ekoa. 

Parte hartzaileek neurri handian bete zituztela eskatutako eginkizunak eta euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek izan direla aldaketarik handiena egin dutenak ere argitzen dute kaleratutako ondorioek. 

Bingen Zupiria sailburuak 'hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzaile' bat bezala definitu du egindako ariketa. Halaber, azterlan honetan milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu ahal izan direla argitu du. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakontzen jarraitu beharra dagoela azaldu du beste alde batetik Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak. Era berean  euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori, erakundeen zein gizarte babesa eskaintzea hurrengo  Euskaraldiaren helburu nagusia izango dela argitu du Lakak. Garbiñe Mendizabalek azkenik, 'herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa' goraipatu ditu. 

Kaleratutako ikerketaren baitan, bi lerro landu dira, kualitatiboa eta kuantitatiboa. Kuantitatiboak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta nolakoa izan den aztertzea du helburu bezala. Kualitatiboaren xedea berriz, euskaraldiaren baitan sortu diren diskurtso sozialak aztertzea da, parte hartzaileen eta ekimeneko antolatzaileen testigantzak jasoz. 

Hurrengo Euskaraldia 2020an


2020ko udazkenean egingo da ariketa sozial honen bigarren edizioa. Honek ere bi ardatz izango ditu, lehenik eta behin herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta bigarrenik entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea. Horrela, ahobizi eta belarriprest izango dira berriz ariketa honen protagonista, halaber, erabilitako ikurrek jarraipena izango dutela ere argitu du Euskaraldiak. 

Argitaratutako txostenaren inguruko informazio gehiago

Txostena osorik irakurtzeko