Irailaren 19tik 23ra egingo da Bilbon EPOAren bilkura (European Pride Organisers Association). Datorren urtean Europridearen egoitza Bilbo izango den erabakiko dute bertan.
Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataformako kideek "EuroPride makrojaialdiaren atzean dagoen estrategia neoliberala salatu eta LGTB+ kolektiboek hartzen ari diren kutsu kapitalista" gaitzetsi dute.
Egindako agerraldian, LGTB+ kolektiboa borroka askoren ondorioz jaio zela argitzeaz gain, gaur egun instituzioek zein EuroPride-aren atzean dauden enpresek kolektibo horien izaera ahaztea salatu dute: “HIESaren pandemiari, ukazioari, trans pertsonen etengabeko agresioei... aurre egin behar izan diegu. Eta hemen ez digu inork ezer oparitu, lortutako guztia eskuetatik kendu diegulako izan da.”
Guztira 120 eragilek baino gehiagok egin dute bat larunbateko manifestazioarekin, haien artean, sindikatuak, okupazio mugimenduko gune zein kolektiboak, mugimendu feministako taldeak eta gazte eta ikasle mugimenduak daude. Deialdiak ere EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Alternatiba eta Ezker Anitzaren babesa jaso du.
Bi eguneko egitaraua
Mobilizazio orokorra irailaren 21 arratsaldean egin arren, aurretik ere hainbat hitzaldi eta mahainguru antolatu dituzte. Irailaren 20an, ostiralean, 7Katu gaztetxean Harro! Plataformaren aurkezpen tailerra egingo dute eta horren ostean "BilbaoBizkaiaPride-aren atzean ezkutatzen dena argitzeko" hitzaldi bat eskainiko dute.
Hurrengo egunean, larunbatean, 10:30ean hainbat mahainguru antolatu dituzte. Amaitzeko, manifestazio orokorraren ostean, 7Katu gaztetxean (H)ortz-Adarra JO! Festa egingo dute.