Lapurtutako bizikletak berreskuratzeko erregistroa aurkeztu du Bilboko Udalak

uriola.eus 2019ko ira. 19a, 09:29

2018. urtean, 120 salaketa aurkeztu ziren bizikleta lapurretengatik. Horietatik 64 berreskuratu ziren baina soilik 14 jabeei bueltatu zitzaizkien. 

Mugikortasunaren Aste Europarraren baitan aurkeztu zuen atzo Alfonso Gilek, Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, "Bilbo Biciregistro". 

Bizikletaren erabilera sustatzeko balioko duen erregistro honi esker, erabiltzaileek beren bizikleta erregistratu eta eranskailu batekin markatu ahalko dute. Nahiz eta eranskailua kendu, honek zenbaki iraunkor bat uzten du bizikletaren koadroan. Horrela ziurtatu ahalko dute erabiltzaileek bizikleten jabetza. Halaber, galdutako edo lapurtutako bizikletak identifikatzea erraztuko da eta zinegotziaren arabera, "lapurreten arriskua ere gutxituko da".

Bizikleta bat erregistratu ahal izateko, www.biciregistro.es webgunean izena ematearekin batera, datu pertsonalak gehitzea ere beharrezkoa izango da. Horrez gain, bizikletaren identifikazio datuak eta argazkiak ere sartu beharko dira. Azkenik erregistroa baliozkotzeko 7 euroko ordainketa egin behar da.