Klima larrialdia salatzeko ekimenak Bilbon zein mundu osoan

uriola.eus 2019ko ira. 24a, 16:15

Euskal Herriko hiriburu guztietan eta muduko beste 120 herrialdetan ikusi ahalko dira egun hauetan Klima Larrialdia salatzeko greba zein mobilizazioak.  Gobernuei klima larrialdiaren aurrean neurri efektibo, erreal eta berehalakoak eskatzeren helburuarekin, greba orokorra deitu dute irailaren 27an. 

LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek, Biziz Bizi elkarteak, eta Euskal Gune Ekosozialista mugimenduak osatzen dute besteak beste Klima Larrialdiaren aldeko Aliantza. Emandako prentsaurrekoan, gaur egungo larrialdi egoera "ekoizpen- eta kontsumo-eredu neurrigabe eta desegoki" baten ondorio dela argitu dute. 

Irailaren 27an, ostiralean, mundu mailako greba orokorra deitu dute. Euskal Herriko hiriburu guztietan mobilizazioak egingo dituzte. Bilbon 19:00etan hasiko da Guggenheim zabalgunean; manifestazioa Mazarredotik Euskadi plazara heldu eta Plaza Biribilerantz abiatuko da Elkano kaletik igarota. Udaletxean emango zaio amaiera elkarretaratzeari.  

Aliantzak langile greba orokorra erregistratzeko beharrezkoak diren legezko izapide guztiak aurkeztuta, bai EAEn bai Nafarroan, langileek greba egin ahal izango dute. ESK eta Steilas sindikatuen bitartez izapidetu da. 

 

Aste osoko egitaraua

Horretaz gain, Fridays For Future mugimenduak hainbat talde eta elkarterekin, Bilboko Klimaren Aldeko Astea antolatu du sei hilabeteko ibilbidearen ostean. 

Irailaren 23a, astelehena:
Sukaldaritza beganoa egiteko tailerra eta afaria Ekoetxean, 18:00etan.

Irailaren 24a, asteartea:

Planetaren mugei buruzko hitzaldia, Ekoetxean, 19:00etan.

Irailaren 25a, asteazkena:

Kamisetakegitekotailerra,fast fashion delakoaren aurka,Ekoetxean,17:00etatik 18:45era.

Irailaren 26a, osteguna:

Askaria, hondakinik gabe eta plastikorik gabe, eta lehiaketa begetariano-beganoa Etxebarria Parkean, 18:00etan.