Indarkeria sexista

Atxilotuetako bi kartzelaratu dituzte asteburuan Urazurrutian egondako sexu erasoagatik

uriola.eus 2019ko ira. 25a, 11:57

Asteburuan Bilbon emakume bat bortxatu eta hiru egunez atxikita izan ondoren, hiru erasotzaileetako bi espetxeratzea eta hirugarrena karguekin aske uztea agindu zuen atzo epaileak. 

Ostegunetik igandera izan zuten bahituta hiru gizonek 25 urteko emakumea Bilboko Urazurrutia kaleko etxebizitza batean. Biktimak igandean jarritako salaketaren arabera, hiru egunetan hainbat bortxaketa sufritu zituen. 

Emakumeak salaketa jarri eta erasoarekin zerikusia izan zezaketen 33-36 urte bitarteko lau gizon atxilotu zituen Ertzaintzak berehala. Egunean bertan horietako bat aske utzi zuen kasuarekin zerikusia zuen ala ez baieztatu arte.

Atzo Bilboko seigarren instrukzio epaitegitik igaro ondoren, epaileak hiru atxilotuetako bi preso sartu ditu, hirugarrena karguekin aske utzi duen bitartean. Horrez gain, epaileak bikitimarekiko urruntze agindua ezarri die hirurei, halaber, aske geratu den erasotzailea egunero aurkeztu beharko da epaitegian. 

 

Erasoa gaitzesteko kontzentrazioa egin zuten atzo San Anton Zubian ehunka pertsonek. Kalamiak Alde Zaharreko Talde Feministak, Bilboko hainbat eragile feministaren izenean babesa helarazi zioten biktimari.