2010ean argitaratu zuten Josu Martinez eta Txaber Larreategik Sagarren denbora, Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzen inguruko dokumentala. Alfonso Afrikako Sao Tome irlan deportatua zutela-eta, elkarrengandik 7.000 kilometrora bizi zen bikotearen bizitza eta istorioa kontatu zuten filmean.
Ia hamarkada bat geroago, Alfonsok 34 urteko deportazioarekin amaitu eta itzultzekoa zela jakin zutenean, bigarren dokumental bat egitea erabaki zuten Martinezek eta Larreategik. Sagarren denbora filmean amaitu gabe utzitako istorioa eta bidaia jarraitu nahi du horrela bikote zuzendariak, Caminho Longe deitu duten lanaren bitartez.
Grabaketa batzuk egin dituzte dagoeneko, Sao Tomen bertan, baina lana amaitu ahal izateko finantziaketa behar dutela-eta, crowfunding-a abiatu du Bilboko Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak. Proiektuari laguntza ekonomikoa eman nahi dionak eta informazio gehiago nahi duenak Verkami plataforman dauka aukera.