Euskal bideojokogintzaren termometroa, Jokoteknia

uriola.eus 2019ko urr. 4a, 10:51

Bueltan da Jokoteknia, euskarazko bideo-jokoen jardunaldia. Bertoko garatzaile, ikasle eta jokalariak jarriko dituzte harremanetan bigarrenez, urriaren 12an Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Azkue Fundazioaren eta Game Erauntsiaren elkarlanetik sortu zen euskarazko bideo-jokoen lehen jardunaldia joan den urtean. Helburua bideo-joko garatzaileak, ikasleak eta jokalariak elkartzea eta euskarazko bideojokogintzaren inguruan hausnartzea da. Iazko lehen edizio horren arrakastaren ondotik, aurten berriz ere antolatu dituzte jardunaldiok eta hizlari berriak gonbidatu dituzte.

Goizean goiz hasiko dute eguna bideojoko zaleek urriaren 12an. Azkuna Zentroko Bastida aretoan elkartuko dira 09:00etan, eta hitzaldi zein mahai-inguruak bazkalordura arte luzatuko dira. Hurrenez hurren, Txus Ordorika programatzaileak, Jone Zalduegi Emoki elkarteko kideak, Mikel Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatikiko arduradunak eta Louis Schnellbachek garatzaileak hartuko dute hitza. Atsedenaldiaren ostean Ander Goenaga Gameplayaren inguruan arituko da, eta jardunaldiei amaiera emateko Harrobia eta DigiPeneko lau ikaslek euskal bideo-jokoen etorkizuna aztertuko dute mahai-inguruan.

Informazio gehiago: https://jokoteknia.eus