'Barrutik kanpora' ikuskizuna XIV. Harrapazank amaitzeko

uriola.eus 2019ko urr. 8a, 11:45
Aurten ere talentu gazteak arituko dira Harrapazanken

Urriaren 10ean 19:00etan izango da Campos Eliseos antzokian, Bilboko artista gazteek antzeztuta. Sarrera doakoa da eta Harrapazankeko webgunean dago eskuragai. 

Euskara, gazteak eta talentua batzen ditu Harrapazank lehiaketak. Aurten XIV. edizioa izango du eta ostegunean 19:00etan agur esango digu Campos Eliseos antzokian. Ikuskizun batek itxiko du, Barrutik kanporak, eta bertan Bilboko artista gazteak arituko dira euren talentua erakutsi guran. Taula gainean, aurtengo Harrapazankeko lehiakideak ez ezik, besteak beste, Eleder magoa, Eztanda musika taldea edota D@nce 21 dantza taldea, gonbidatu bereziak ere ibiliko dira: adibidez, Goazeneko aktorea den Iholdi Beristainek ikuskizunean parte hartuko du Vera Alonsorekin batera edota lehiaketako partaide ohiak: M&M taldea, Ane Zugaza, Nagore Rondon, Asier Martinez eta Nerea Perez. Zuzendaritzan Ugaitz Alegria aktoreak jardun du eta bi laguntzaile izan ditu: Xabi Hoo musikan eta Andrea Lopez dantzan. 

Aurtengo irabazleak iragarriko dituzte

Barrutik kanporarekin batera, aurtengo Harrapazankeko irabazle eta aipamenak iragarriko dituzte ostegunean. Programak gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi du modu erakargarri eta berritzailean eta Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean antolatzen dute. Sarrera doakoa da eta saridunak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, Harrapazankeko webgunean sartu eta zurea eskuratu!