Hamar urte beteko ditu Pikara Magazine aldizkari femistak hurrengo azaroan. Bederatzi urte hauetan begirada feminista kazetaritzaren munduan txertatzea izan dute helburu, eta erreferente bihurtu dira bide horretan. Egun asko handitu da feminismoaren eta genero ikuspegiaren presentzia hedabide berri zein tradizionaletan, eta testuinguru berri honetan kazetaritza feministaren inguruko jardunaldiak antolatzea beharrezko ikusi dute.
June Fernandez Pikara Magazineko kideak azaldu duenez, kongresuaren helburua feminismoa hedabideetan "zeharka" lantzea da, eta ez mugatzea "kazetari batzuen espezialitatea" izatera. Hori horrela, begirada feminista lan eta analisi tresna gisa erabiltzen duten kazetari eta hedabideen arteko topalekua nahi dute izan, esperientziak partekatu eta ikasitako amankomunean jartzeko.
Bi eguneko egitarau oparoa antolatu dute, urriaren 9 eta 10a bitartean Bilborocken, Pikara Magazineko erredakzioan, Wikitokin eta La Bolsa udaltegian martxan jarriko dutena. Nazioarteko 20 hedabidetako ordezkariak gonbidatu dituzte mahai-inguru eta tailerretan parte hartzera, eta dagoeneko mundu osoko 120 pertsonak izena eman dute jardunaldiotan.
Guztien artean hainbat galderari erantzuten saiatuko dira: "Nola despatriarkalizatu kazetaritza?", "Zertan datza kazetaritza feminista egitea?", "Nola islatzen da filosofia hori erredakzioetako egituretan?", "Nola lor dezakegu zaintza erredakzioetako egunerokoan kontuan izatea?", "Freelance kazetarien prekaritateak generoarekin loturarik ote du?".
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: https://lab.pikaramagazine.com/periodismo-feminista/