Derioko enpresa bateko buruak langile bati sexu jazarpena egin izana salatu du LABek Bilbon

uriola.eus 2019ko urr. 15a, 16:14

Azpikontratatutako garbitzaile bati lantokian sexu jazarpenak egiteagatik auzitara eramango du LABek Derioko enpresa bateko burua. 

Auzitegien aurrean elkarretaratzea egin zuen atzo goizean LAB sindikatuak “sexu jazarpen laboralaren aurrean, aurrean izango gaituzue” lelopean. Gizonak 2016ko urte amaieran hasi zuen emakumearen aurkako erasoa.

Enpresako goi mailako karguak bai lantokian bai lantokitik kanpo emakumea jazarri du gaur egunera arte.  Sindikatuak argitu duenaren arabera, "behin eta berriz deitu egiten dio, batzutan baita bost alditan jarraian ere eta gaueko ordu txikietan". LABek salatu duenez "lan egin izan duen bitartean behatu eta kontrolatu egin du, bere bulegoan sar dadila aditzera emanez," besteak beste zehaztu dute "espazio isolatu eta txikietan topaketak bilatu ditu, eta, langilea etxera itzultzen zegoela, tren geltokirako bidean, bere atzetik ibiltzera" ere ailegatu zela.  

Pairatutako erasoaren ondorioz, eta denbora luzez "bortitza eta umiliagarria zitzaion egoera sufritu ostean" egun emakumeak "antsietate handiko jazoerak pairatzen ditu". 

LABek, emakume langile horren ausardia azpimarratzeaz gain, lan eremuan emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria kasuak egunero ematen direla salatu eta horren aurka borrokan jarraituko duela ere gogorarazi du.