Guggenheim museoa doan bisitatu ahal izango da asteburu honetan

uriola.eus 2019ko urr. 24a, 10:07

Bilboko Guggenheim Museoaren 22. urteurrenaren harira, asteburu honetan, urriaren 26an eta 27an herritarrek museoa doan bisitatzeko aukera izango dute. 

Horrez gain urriaren 27an, igandean, Veneziako eta New Yorkeko Guggenheim museoetan egingo den bezala, Bilboko museoan ere nazioarteko marrazketa-topaketa bat egingo dute. Adin guztietarako zuzenduta dagoen "aldi-bereko" lehiaketa honetan, parte hartzaileek museoaren zatirik gogokoena marrazteko aukera izango dute. 

Asteburuan museora hurbilduko den pertsona orok hainbat erakusketa ikusteko aukera izango du. Thomas Struth Alemaniar artistaren erakusketa fotografikoa adibidez ikusgai dago museoko bigarren solairuan. Erakusketa honek Struthen bost hamarkadado lana biltzen du. Bestetik, "Soto. Laugarren dimentsioa" ere ikusteko aukera izango du bertaratzen den orok, honako hau 105. galerian kokatuta dago eta 60 artelan baino gehiago biltzen ditu.