Bihar hasiko da BIME musika jaialdia

uriola.eus 2019ko urr. 29a, 10:39

Irudia: BIME

Asteazkenean abiatuko da zazpigarrenez Bizkaia International Music Experience jaialdia. Urriaren 30ean eta 31n Bilboko hamaika aretotan doako hainbat jarduera eta emanaldi izango dira ikusgai. Azaroaren 1ean eta 2an berriz ekitaldiak BEC!en egingo dituzte. 

Hiru ataletan banatu dute aurten BIMEren egitaraua: alde batetik profesionalen topaketak, BIME Pro, nazioarteko artisten emanaldiak bestetik, BIME Live, eta azkenik Bizkaiako hiriburuan antolatu dituzten aretoetako kontzertuak, BIME City. 

Urriaren 30etik azaroaren 1a arte egingo dute Barakaldoko BEC!en BIME Pro atala. Sormenaren eta networkingaren gune bihurtuko den topagune hau musikaren inguruko profesionalak, ekintzaileak eta ikasleak biltzea du helburu. Bertako antolatzaileek argitu duten bezala, hizlarien artean besteak beste Matthew Knowles, manager ohia, Rozalen, artista, eta Mike Cave, ekoizlea eta Bob Dylan-en soinu teknikaria izango dira. 

BIME Live berriz azaroaren 1ean eta 2an ospatuko dute BEC!en, honek bost eszenatoki izango ditu. Taula gainean arituko diren musikarien artean, Amaia, Jamiroquai, Foals, Kraftwerk eta Brittany Howard aurkitzen dira. 

Azkenik, Bilbon asteazken eta ostegunean ospatuko den BIME City atalak doako 50 ekitaldi eta jarduera eskainiko ditu Bilboko hamaika areto ezberdinetan, besteak beste, Kafe Antzokian, Bilborocken, Azkenan eta Azkuna Zentroan. Horrez gain, azaroaren 1ean, ostirala, Azkuna Zentroan haurrentzako hainbat jarduera antolatu dituzte.

Metro zerbitzu berezia 

Metro Bilbaok zerbitzu berezia eskainiko du ostiral eta larunbat gauean, gau osoan zehar. Maiztasunak Metro Bilbaoren wegunean kontsultatu daitezke dagoeneko.