Manifestazio antiespezista egingo dute ostiralean Bilbon

uriola.eus 2019ko urr. 29a, 15:29

Euskal Herriko kolektibo antiespezisten gehiengoak deitua, manifestazioa egingo dute ostiralean, arratsaldeko 17:00etan Bilboko Unamuno plazatik.

"Urratsez urrats, animalion askatasunerantz" lemapean, mobilizazioa deitu dute NOR Euskal Herria antiespezista, Bezala, Inurri Antiespezista eta Askekintza kolektiboek besteak beste. Manifestazioa baino lehen, goizean ere egitaraua antolatu dute. 

13:00etan poteo girotua egingo dute Bilboko Alde Zaharreko Somera kaletik. Eguerdiko 15:00etan bizkotxoa, txokolatea eta kafea banatuko dituzte 7Katu Gaztetxean eta ostean, 15:30ean, Peru Galbetek kontzertua eskainiko du bertan. Arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera manifestazioari. Hau, Unamuno plazatik abiatu eta Bilboko Areatzatik igaro ostean, Plaza Biribilerantz abiatuko da. Bilboko udaletxean amaituko dute mobilizazioa. 

Gasteiz, Hendaia, Iruñea, Ermua zein Donostiatik autobusak antolatu dituzte ostiraleko manifestaziora bertaratu ahal izateko.