Abian da Errigorako udazkeneko kanpaina

uriola.eus 2019ko urr. 30a, 12:19

Urriaren 30etik azaroaren 20ra bitartean egingo dute Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 2019ko edizioa. Aurten berrikuntza bezala, Errigorak hirugarren saski bat jarri du aukeran. 

Gaur hasi eta azaroaren 20an amaituko da Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatzeko epea. Aurten, eskaintza berritu eta guztira hiru saski jarri ditu aukeran: beltza (50€), berdea (60€) eta zuria (70€).

Nafarroa hegoaldeko ekoizpena sustatu eta euskarari laguntza bermatzea dira kanpaina honen helburu nagusiak. Horrela, eskuratutako diruaren %25a Nafarroa hegoaldeko baita erdialdeko euskalgintzara bideratuko dure dirua, batik bat, Agerraldia ekimenera, AEKra, Sortzenera eta Ikastolen Elkartera. 

Iruñeko Katakrak liburudendan eginiko aurkezpenean azaldu bezala, ehunka pertsona ari dira borondatez honetan lanean, kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen. Zazpigarren aldia da Errigorak kanpaina hau antolatzen duena, eta dagoeneko ia milioi bat euro bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean dauden euskararen aldeko proiektuei.

Eskaerak egiteko epea azaroaren 20an amaituko da. Bi modu daude eskaera gauzatzeko: Eskuorrien bitartez, euskaltegi, eskola, ikastola, taberna, kontsumo elkarte… guztira 700 puntu daude Euskal Herriko 200 bat herritan. Bestela on-line eskaria egiteko aukera ere zabaldu dute www.errigora.eus helbidean.

Zozketa

Bilboko Uriola agerkari digitalak Errigora kanpainaren 6 kutxa zozketatuko ditu, zuri, berde eta beltz bina. Zozketa gaur hasi eta azaroaren 7an amaituko da. Zozketan parte hartzeko baldintzak hauek dira:

-Bilboko Uriola sare sozialetan jarraitzea (Twitter, Facebook)

-Errigoraren argitalpena elkarbanatzea 

 

Zozketan parte hartzeko linka: https://uriola.eus/zozketak/eskuratu-errigorako-saskia-nafarroako-hegoaldeko-p