XXIV. Jagon Jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak aste honetan

uriola.eus 2019ko aza. 11a, 14:00

Irudia: Euskaltzaindia

'Arlo sozioekonomikoa euskararen biziberritzean' izenburupean Bilboko Merkataritza Ganberan azaroaren 14an eta 15ean egingo du Euskaltzaindiak XXIV. Jagon Jardunaldia.

Alde batetik arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritze prozesuan duen funtzioaz jardutea eta bestetik euskarak arlo sozioekonomikoan dituen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzea dira jardunaldi honen helburu nagusiak. Hortaz, topagune honetan hausnarketarako, esperientzien trukerako eta elkarlanerako tartea eskainiko du Euskararen Akademia Ofizialak. 

Egitarauari dagokionez landuko dituzten gaien artean daude, hizkuntza gutxiagotuak eta arlo sozioekonomikoa, ikasle eta langabetuen ezaugarriak hizkuntzaren aldetik, euskarak arlo sozioekonomikoan dituen erronkak edota euskararen prozesua eta arlo sozioekonomikoaren analisia. 

Izen-ematea azaroaren 11ra arte egongo da zabalik eta info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idatzita eta 94 415 81 55/ 943 42 80 50/ 948 22 34 71 edo 055 92 56 426 telefonoetara deituta egin daiteke.