Zea Mays taldeak 'Atera' diska kaleratu du

uriola.eus 2019ko aza. 15a, 14:18

Kaleratzen duten hamargarren diskaren aurkezpena egin du Zea Mays taldeak gaur Kafe Antzokian. 11 abestiz osaturiko lanak 'Atera' du izena eta Garden Records zigilupean egin dute. 

1997. urtean sortu zen Zea Mays. 22 urte eta bederatzi diskaren ostean heldu da 'Atera'. Andoaineko Garete Studios-en grabatutako obra hau, ekoizle berri batek produzitu du, Carles Campi Campon-ek hain zuzen, besteak beste, Jorge Drexler eta Vetusta Morla bezalako taldeen lanen ekoizpenean ibilitakoa. 

Harro diskaren gira amaitu gabe ekin zioten diska berriaren lanari, eta azaldu bezala, iraila hasierako 9 egun behar izan zituzten soilik diska grabatzeko; "ez dugu inoiz diska bat hain denbora laburrean grabatu" dio Pitik. Diskak dituen 11 abestietatik 10 berriak dira, azkena "Zintzilik" kanta, joan den urtean Elkar Argitaletxeak argitaratutako "Gure Oroitzapenak" bildumako abestia da, Joseba Sarrionandiaren poema musikatuen bildumakoa alegia.

Dagoeneko lana entzungai dago plataforma digital guztietan. Diska erosteko berriz, entzuleek zertxobait gehiago itxaron beharko dute. Durangoko Azokan diskak eta biniloak salgai jarri ostean helduko baitira Euskal Herriko beste txoko guztietara. 

Hainbat kontzertu iragarri dituzte jadanik. Abenduaren 20an Bilboko Kafe Antzokian izango dira, urtarrilaren 25ean Iruñako Zentral aretoan. Otsailean berriz Euskal Herrian momentuz bi kontzertu emango dituzte, hilaren 8 Donostian, Dabadaba aretoan, eta 15ean Gasteizeko Jimmy Jazzen. Estatu osotik diskaren gira egiteaz gain, Amsterdam, Berlin eta Paris bezalako hiriak ere bisitatuko dituzte.