Azaroaren 29an Bilboko autobus-geltoki berriak ateak zabalduko ditu

uriola.eus 2019ko aza. 21a, 16:50

Irudia: Bilboko Udala

Urtean zazpi milioi pertsona hartuko ditu azaroaren 27an inauguratuko duten Bilbo Intermodala geltokiak. Asteazkenean zabaldu arren, ez da bi egun ostera arte martxan jarriko. Azaroaren 29an beraz hasiko da zerbitzua ematen, goizeko 06:00etatik aurrera. 

Gaur aurkeztu dituzte Udalean autobus-geltoki berriaren azken xehetasunak. Argitutakoaren arabera egunero batez beste 19.000 pertsonek erabiliko duten geltokia izango da, datorren astetik aurrera Bizkaibuseko bidaiariak ere bertan sartuko baitira, zerbitzuak egingo duen leku aldaketaren ondorioz. Obra berriarekin gainera, 7500 metro koadro liberatu dituzte, etorkizunean plaza handi bat egitera bideratuko dituztenak geltokiaren gainean.  

Auzoaren eta uriaren garapenerako tresnatzat jo du Juan Mari Aburto alkateak Bilbo Intermodala: "lurperatuta, modernoa eta seguruagoa izango da". Izan ere, honen arabera sarrera hobeak izateaz gain, inguruko trafikoa baretu eta Luis Briñas kaleko trafikoa gutxituko da. 

Azpiegiturari dagokionez lurpean lau solairu dauzka, 30 nasa eta 500 aparkaleku baino gehiago alegia Asier Abaunzak, Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko zinegotziak, azaldu duenez. 

Azaroaren 27tik aurrera ateak zabalik izango ditu bi egunez, zerbitzurik ez eman arren nahi duen pertsona orok azpiegitura berria bisitatu ahal izateko. 16:00etatik 20:00etara azaroaren 27an, eta 10:00etatik 14:00etara ostegunean, azaroaren 28an.