VIHsible Zinema Zikloaren 3. edizioa abenduaren 4an hasiko da

uriola.eus 2019ko aza. 26a, 17:20

GIB birusaren estigmatizazioaren aurka egiteko, sormen artistikoaren balioa aldarrikatuko du Zinegoak Elkarteak abenduaren 4an eta 5ean egingo den VIHsible Zinema Zikloan. 

Abenduaren 1a, GIB Birusaren Kontrako Nazioarteko Eguna denez gero, Zinegoak Elkarteak zinema zikloa antolatu du hirugarrenez Bilborock aretoan abenduaren 4an eta 5ean. "Lemebel" dokumentala eta "1985" filma izango dira aurtengo zikloan ikusgai egongo diren bi filmak. 

"Lemebel" Pedro Lemebel idazle eta LGTBI mugimenduko erreferentearen bizitza kontatzen duen dokumentala da, Teddy Saria jaso zuen azken Berlingo Nazioarteko Zinemaldian. 

"1985" filmak GIB birusaren ondorioz 80. hamarkadan sortutako arrakalak kontatzen ditu. Nazioartean sei sari baino gehiago irabazi ditu, halaber Zinegoak jaialdiko azken edizioan ere gigoi onenaren saria jaso zuen. 

GIB birusari ikusgarritasuna eman eta honen inguruan sortzen diren estigmen aurka egitea da hirugarren zinema ziklo honen helburua, izan ere, Pau Gillenek, Zinegoak Elkarteko zuzendariak, azpimarratu duenaren arabera, "zineak eta arteak errealitatea nola jasotzen dugun eraldatzeko gaitasuna dute". Ondorioz, hori izango da Zinegoakek ildo horri egingo dion ekarpena.