Euskararen Eguna

Euskararen egunaren bueltan egitarau oparoa antolatu dute Bilboko auzoek

uriola.eus 2019ko abe. 2a, 10:14

Deustun, Indautxun, Otxarkoagan, Atxurin eta Errekalde auzoetan besteak beste, egitarau berezia antolatu dute Euskararen Nazioarteko Egunean. 

Auzoetako euskara elkarteek zein Bilboko Udalak antolatutako ekintza guztiak abenduaren 3an, arratsaldean, egingo dira. Esate baterako Deustualdeko Berbaizu Euskara Elkarteak ekimena antolatu du arratsaldeko 20:00etan Done Petri plazan. Indautxuko Euskara Taldeak ordea, mintzodromoa egingo du Indautxu plazan, eta eguna poteo musikatu batekin amaituko dute. Atxuriko Euskara Batzordeak hiru eguneko egitaraua antolatu du. Astelehen arratsaldean auzoko liburutegian papiroflexia tailerra eskainiko dute. "Bolintxu Bizirik" ikuskizunak euskararen eguneko arratsaldeko egitaraua beteko du eta amaitzeko, abenduaren 4an, asteazkenean, ipuin kontaketa saioa egongo da Hika Ateneoan arratsaldeko 17:00etan. 

Euskaitz Euskara Elkarteak antolatuta, Otxarkoagan Imanol Ituiño magoak saioa emango du auzo etxean arratsaldeko 18:00etan. Bilboko Udalaren eskutik, Bidebarrieta Kulturgunean Xabier Kintanak, Juan Manuel Etxebarriak, Gontzal Mendibilek eta Juan Luis Goikoetxeak "Euskara, erro eta gara" musika solasaldia egingo dute 19:30ean.