Bilbok 'Zine Kontari' zinemaldia hartuko du bosgarrenez

uriola.eus 2019ko abe. 9a, 09:52

Gaur bertan hasiko da goizeko 10:00etan euskara hutsean egindako zinemaldiaren bosgarren edizioa. Astelehenetik ostiralera Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan 9 emanaldi eskainiko dituzte aretoa bete arteko sarrera librearekin. 

Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Elkarteak SGAE fundazioarekin elkarlanean antolatutako zinemaldia, euskara hutsean idatzi eta egindako filmek osatzen dute, 9 guztira. 'Nur eta herensugearen tenplua' filmak emango dio hasiera jaialdiari gaur goizeko 10:00etan Bilboko Campos Eliseos Antzokiko Kupula aretoan. Datozen egunotan, 'Ehun metro', 'Lasa eta Zabala', 'Pikadero' edota 'Errementari' filmak proiektatuko dira. 

Ekimen honen helburu nagusia euskal egiletza duen zinema minoritario bat zabaltzea da, batik bat beste edozein areto komertzialean ez dauden filmak berreskuratuz eta batez ere euskara tresna eta bitarteko tresna bezala baliatuz.