2012. urtean antolatu zuten lehenbizikoz Gau Irekia ekimena San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan, hiritarren parte hartzea sustatu eta ezkutuan gertatzen ziren ekintza guztiak erakusteko asmoz. Antolatutako Gau Irekiaren lehenengo edizioak 60 ekintza barnebildu zituen, 40 espazio ezberdinetan gutxi gora behera. Egun, jaialdiak auzoan errotzea lortu du eta aurten ia 100 kultur ekitaldi antolatu dituzte auzoko 60 espazio ezberdinetan.
Larunbatean, goizeko 10:00etan emango diote hasiera egunari, auzoko merkatarien elkarteak antolatu duen bigarren eskuko azokarekin. Aktibismoarekin, hiriko artearekin eta arte eszenikoekin besteak beste zerikusia duten ekimenak izango dira egun osoan zehar, Martzana Kaian, Mariaren Bihotza plazan, Maiatzaren biko kalean zein beste hamarnaka espazioetan. Auzo bazkaria ere antolatu dute, Urazurrutia kalean kokatuta dagoen kultur etxean. Bertako antolatzaileek hainbat musikarien esku utzi dute egunari amaiera ematearen ardura, izan ere, tailerrak eta erakusketak alde batera utzi eta gaueko 22:30etatik aurrera musika izango da momentuko protagonista, gaueko ordu txikietara arte egongo diren kontzertuekin.
Deialdi ireki honek, auzoetako guneak eta tokiko artistak harremanetan jarri zituen duela zortzi bat edizio eta egun, adin guztientzako ekitaldiak, performanceak eta kontzertuak eskaintzen dituzte, auzokide zein bisitarientzako.
Egitaraua osorik ikusi nahi baduzu sakatu hemen
Aurreko urteko bideo laburpena ikusi nahi baduzu sakatu hemen
Gau Irekia 2019ko kartela Alazne Zubizarretak egin du.