Otsailaren 24tik martxoaren 8ra ospatuko da Zinegoak jaialdia

uriola.eus 2019ko abe. 17a, 13:36

Denbora darama Zinegoak Elkarteak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 17. edizioa antolatzen. Urtarrilean aurkeztuko dute 2020ko jaialdiaren irudi ofiziala. Aurreratu dutenez sexu orientazioari bakarrik begiratu beharrean, sexu aniztasuna modu zabalagoan ulertzeko premia nabarmentzea izango da aurtengo edizioaren heburua. 

Sexu-, identitate-, eta genero-aniztasunari lotutako kultur jarduera da Zinegoak jaialdia. Honen 17. edizioa 2020ko otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean ospatuko da eta aurtengoak ere joan den urteko programazio ofizialaren egitura berdina izango du, FIK, DOK eta KRAK atalekin. 

Antolakuntzak aurreratu duenez, film labur, fikziozko film luze, dokumental eta proposamen eszenikoen artean guztira 500 obra jaso ditu elkarteak, horietatik trans errealitateak jorratzen dituzten lanak asko izan dira. 

Programazioari dagokionean lehenengo astean fikzioa izango da obra guztien ardatza eta Bilborocken, Golem zinemetan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Cinema aretoan egongo dira ikusgai. Bigarren astean ordea fikziotik dokumentaletara igaroko dira. Hauek ere Bilborocken antolatuko dira, hainbat jarduera osagarrirekin. 

Etengabe zabaltzen ari da Zinegoak, izan ere, martxoan eta apirilean herri ezberdinetan antolatzen den jaialdiaren hedapenak gora egin du eta aurtengo edizioan obrak 50 udalerritan proiektatuko dira. 

Jaialdiaren hasiera baino lehen, "3,2,1...Zinegoak!" aurre jaialdia ospatuko da, hots, beste erakunde, kolektibo edo elkarte batzuekin lankidetzan antolatzen dena. 

Urtarrilean elkarteak jaialdiaren irudi ofiziala aurkeztuko du, argitzera eman dutenez, sexu orientazioari begiratu beharrean, sexu aniztasuna modu zabalagoan ulertzeko premian jarriko dute arreta.