Euskaltzaindiako Hiztegigintza Lantaldeko Borxa Lopitzek aurreratu du Bilbao egunkarian egindako elkarrizketa batean 2020tik aurrera “Bilbao” berba onartu dutela Euskaltzaindiaren hiztegietan. “Erabilera orokorra duen abizena da Bilbao eta toponimoa izanik, lekua du hiztegian”, azaldu du lantaldekideak. Urte luzeetako tira-bira baten ondorioa da neurria, izan ere, Euskaltzaindiak “Bilbo” bakarrik onartzen duen arren, Bilboko Udalak “Bilbao” lehenetsi izan baitu bere komunikazioetan. “Bilbotarrak oso egoskorrak zarete eta, azkenean, amore eman behar izan dugu erabilerak hartaratuta”, aitortu du euskaltzainak. Azaldu duenez, hiztegiak euskaldunok erabiltzen dugun hizkuntza islatzen du eta, ikusita zenbat ohar bidaltzen dituen Bilboko Udalak, akademiak “Bilbao” onartzera “derrigortuta” ikusi du bere burua. Erabakiak fruituak ekarriko dituela espero du Euskaltzaindiak, aurten bere jarduna gizarteratzea helburu ezarri duena: “Bilbon errotuta gauden arren, inork ez gaitu ezagutzen eta bilbotarrengana heltzeko pausua da ‘Bilbao’ hiztegian txertatzea” eta neurria “Bilbora heltzeko oztopoak gainditzeko” lagungarria izango delakoan dago.
Euskalgintzan ezinegona
Erabakiak soka luzea ekarri du eta Bilboko Euskalgintza izan da erantzuna ematen lehena. Talde-eragileak elkarretaratzeak iragarri ditu datozen hilabeteetan. “Euskaltzaindia ezin da Udalaren nahietara makurtu” adierazi dute. Arrazoi filologoak ere alde dituztela azaldu dute: “Bilbo beti izan da Bilbo euskaraz, ‘bertan Bilbo’ edo ‘Bilbo ikusi’ esamoldeek frogatzen duten modura. Gainera, Zolloko gure amamak ez zuen sekula ‘Bilbao’ esaten; ‘Bilbo’ baizik”. Nolanahi ere, Euskalgintzak Bilboko Udalari eskua luzatu nahi izan dio berriz ere eta Euskaraldia lankidetzaren eredutzat hartu dute: “euskararen normalizazioa sustatzea guztioi dagokigu ala ez da izango eta neurria hauek horien kontra doaz”.