Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak Iñigo Lopez Simonen proiektua jo du 2020ko Tene Mujika bekaren irabazletzat. Bilbon XX.mendearen erdialdean gertatu zen txabolismoa aztertuko du Lopezek, eta lana burutzeko urtebeteko epea izango du, gero liburu formatuan argitara dadin.
Hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo eta inguru industrialetan 1950tik aurrera. Extremadurako, Galiziako edo Gaztelako landa lurretatik, ondorioz, milaka gazte etorri ziren Bilbora etorkizun hobe baten bila. Garai hartako hiriko azpiegitura falta nabaria zen, eta etxebizitzen gabeziari aurre egiteko. hirira iritsitako migratzaileek etxolak eraiki behar izan zituzten. Iñigo Lopez Simonen liburuak fenomeno hori hurbiletik aztertu nahi du, bai testuinguru sozioekonomikoaren ikuspegitik bai egoera hori jasan zuten pertsonen ikuspegitik.