'Express...Your sex!' ikus-entzunezko lehenengo maratoia antolatu du Zinegoak jaialdiak

uriola.eus 2020ko ots. 4a, 12:23

Otsailaren 14tik 17ra antolatuko du Zinegoak jaialdiak ikus-entzunezko lehenengo 'rallya'. Parte hartzaileek 72 ordu izango dituzte sakelako telefonoarekin film laburrak grabatu eta lehiaketan aurkezteko. 

'Express...Your Sex!' ikus-entzunezko maratoiaren gaia otsailaren 14an bertan emango dute ezagutzera, eta antolatzaileek azaldu dutenez hau, identitate eta genero aniztasunarekin lotuta egongo da. Guztira lau sari banatuko dituzte, 300, 200, 100 eurokoak eta laugarrena, publikoaren saria, 100 eurokoa. 

Pau Gillenek, Zinegoakeko zuzendariak, azaldu bezala jarduera berri honen helburu nagusia sexu aniztasunarekin lotura zuzena izango duen ikus-entzunezko sormena bultzatzea izango da. "Zine edo ikus-entzunezko munduan lan egiten dutenen artean sentsibilizazioa sustatu nahi dugu" adierazi du. 

Film laburrak sakelako telefonoarekin grabatzea eta gehienez hiru minutuko iraupena izatea dira lehiaketa honetan parte hartzeko bi baldintza nagusiak. Ikus-entzunezko rallyan parte hartzeko izen-ematea otsailaren 14an egingo dira, ostirala, arratsaldeko 18:30ean Bizkaia Aretoko Oteiza Auditorioan. Halaber, parte hartzaileek aniztasunari buruzko hitzaldi laburra jasoko dute lehiaketa hasi baino lehen, momentu horretan ere maratoiaren gaia jakinaraziko zaie. 

Otsailaren 17an lanak aurkeztu beharko dituzte, arratsaldeko 18:30etatiik 19:30etara Bizkaia Aretoan. Azkenik, sari banaketa otsailaren 20an ospatuko da, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Bilborocken.